Jai giroa izan zen nagusi
Ezkion, Legazpin, Beasainen eta Legorretan festak hasita edo hastear zeuden. Xabier Mendigurenek 'Bihotz gosetien kluba' argitaratu zuen. Boikot taldeak Legazpiko gaztetxean jo zuen
Gaur duela 15 urte, 2005eko maiatzaren 6an, festa giroan zeuden murgilduta goierritarrak. Legorretako Azintzio jaiak martxan ziren orduan, eta Ezkion eta Beasainen ere festak hastear zeuden.
Legorretarrek herriko festen jaiegun nagusia ospatu zuten: Azintzio Eguna. Musika eta dantza izan ziren protagonista egun hartan. Goizean musika eskolako trikitilariek diana jo zuten, eta arratsaldean euskal erromeria ospatu zuten. Sokadantza ere egin zuten herritarren artean udal agintariek.
Bestalde, Ezkioko San Migel jaiei hasiera eman zieten gaur duela 15 urte. Kontzertu batekin ekin zioten festari: gaueko 22:30ean Libertad Kondizional eta Elizazpiko Komandoa musika taldeen kontzertuekin gozatu zuten Ezkioko bizilagunek. Hurrengo egunean lehiaketa herrikoia, herri afaria eta aizkora lehiaketa izan zuten.
Bihotz gosetien kluba
Xabier Mendiguren idazle beasaindarrak 2005eko maiatzaren 5ean aurkeztu zuen Bihotz gosetien kluba lana. Maitasunaren nahia eta ezina oinarri hartuta, bost istorio bildu zituen. Ipuina eta eleberria uztartu zituen. GOIERRIKO HITZAk idazleari egindako elkarrizketa argitaratu zuen lanaren harira.
Boikot gaztetxean
Legazpiko gaztetxean ere musika izan zen protagonista. Madrilgo Boikot taldeak kontzertua eskaini zuen bertan 5 eurotan. Santikutzak amaitzear zeuden eta urte hartako festetako azken ekitaldietako bat izan zen.
Legazpin ere, Pirinioak eta Alpeak bizikletaz abentura moduan diapositiba emanaldia egin zuten kultur etxean, Aitor Arotzenaren eskutik. Hark eginiko bidaia azaldu zuen bertan.