Goierriko salaketa mosaikoan eta lapiko jotzea
Goierriko koordinadore feministak antolatu du. Argazkia telefonoz bidali behar da igandea baino lehen. Lapiko jotzea gaur da, 19:00etan.
Goierriko Koordinadora Feministak Angelun (Lapurdi) izandako erailketa matxista salatuko du. Euskal Herrian aurten izandako laugarren emakume eraila dela eta, beste behin ere, Aski Da! oihukatu nahi dute. Bi ekimen proposatu dituzte: gaur, 19:00etan lapikoak jotzea eta bestetik, Goierri mailako salaketa mosaikoa osatzea. Honela, eskua morez margotuta edo eskularru morearekin argazkia ateratzeko deia egin dute, Aski Da! keinua eginez. Ondoren, 688 822 167 telefono zenbakira argazkia bidali beharko da martxoaren 10a baino lehen, argazki guztiekin mosaikoa osatzeko.
Segurako Udalak jakinarazi duenez, Parekidetasun Batzordearenbidez, Goierriko Koordinadora Feminista eta Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxaren deialdietara atxikitzen da, eta herritarrak parte hartzera animatu nahi ditu.
Legorretako udalbatzak ere bat egin du Angeluko hilketa matxistaren harira, Legorretako Talde Feministak egindako deialdiarekin. 20:30ean egingo dute lapiko jotzea Legorretan.