Ferietako ezina aukera bihurtuz
Ordiziako Domingo Unanuen Alonso anaiek urte luzez izan duten fruta eta barazki denda Sustrai fruta denda da atzoz geroztik. Legazpiko Vesga familiak hartu du
Albiste zaparraden garaiotan, bi berri on izan ziren atzo behintzat Ordizian. Batetik, urte askoan Domingo Unanue plazaren ertz batean zabalik egon den Alonso anaien fruta eta denda barazki dendak zabalik jarraituko duela, izen eta nagusi ezberdinak izango dituen arren. Eta bestetik, azokako elikadura saltzaile guztiak Ordiziara itzuliko direla bihar. Fruta eta barazki saltzaileen eremua, esaterako, Ordiziako Zuhaiztia izango da.
Eta bi albiste horiekin lotura zuzena duena Legazpiko Vesga familia da. Sustrai fruta dendak enpresaren buru dira, eta Ordizian ireki zuten atzo marka komertzial horren izenpean duten seigarren denda Arrasaten dute bat, eta bina Oñatin eta Legazpin. Horretarako, Alonso anaia erretiratu berrien langile izan den Soraya Fernandez kontratupean hartu dute, eta haren ondoan Andoitz Zeberio izango da dendan, azken urteotan Sustraikoekin feriaz feria ibili den langilea, baita Ordiziakoan ere. Biak ordiziarrak dira.
Ordiziako azokan 1965etik
Vesgatarran gurasoak orain dela 55 urte hasi ziren Ordizian fruta saltzen, eta asteazkenero etorri dira hutsik egin gabe. «Gure gurasoak merkatuen mundutik datoz, baina guk aspalditik dauzkagu dendak, eta Ordiziara joateari ez diogu utzi. Feria handia da, bezero asko ditugu, baina bat-batean koronabirusaren krisi hau etorri da, eta bi hilabetez joan ezinik egon gara», adierazi du Alberto Vesgak.
Domingo Unanuen fruta denda hartzeko arrazoi nagusiena Ordiziako eta inguruko «bezeroei beste aukera bat» izan da, egoera berrira moldatzea. «Gu, bolada fuerteetan, 8-9 langile joan izan gara Ordiziara bost orduz, baina egoera hori ez da bideragarria. Inoiz pentsatu izan dugu Ordizian denda bat zabaltzea, eta nahiz eta kokapen aldetik erdigunean ez egon, aurrera egitea erabaki dugu. Egoera honek azkartu egin du erabaki hori, eta gainera langile horiek ez dira kalera joango».
Fruta saltzaileak eta azoka
Jakina denez, fruta saltzaileek ez dute Ordiziako feriara joateko aukerarik izan azken zortzi asteotan. Bihartik aurrera bai ordea, baina Vesgak adierazi du ez dakitela oraindik zer egingo duten. Hala zioen atzo eguerdian: «Ez dakigu oraindik zer egingo dugun, hartu behar diren neurriak zorrotzak dira, distantziak…».
Onartu du krisi honek gutxien eragin dien sektoreetako bat gertuko elikagai dendena izan dela, eta merkatuetan fruta saltzen ibiltzen direnak etorkizuna birplanteatu beharko dutela, batez ere segurtasuna lehenetsi behar delako. «Merkatuan bezero asko genituen, baina espazio aldetik mugatuagoa da, eta dendan eskaintza zabalagoa izan da».