Laubide, berrantolatuta
Auzoko zenbaki bakoitien eremuko zirkulazioa berrantolatu dute. Oinezkoentzako eta ibilgailuentzako guneak koloreekin bereiztu dituzte. Atseden gune bat ere egokitu dute
Urtarrilean hasitako lanak amaituta, Legazpiko Laubide auzoko zenbaki bakoitien eremuak itxura berria du, oinezkoentzako eta ibilgailuentzako guneak bereizteko koloreen eraginez, batez ere. Auzoa eraberritzeko 2014an abiatutako hirigintza proiektu handi baten bigarren faseko lanak izan dira.
Zirkulazioa eta aparkalekuak berrantolatu dituzte eremu horretan, garajeetarako sarbideak eta irisgarritasuna hobetu dute, eta kolore desberdinez bereiztu dituzte oinezkoentzako eta ibilgailuentzako guneak. Herritarrentzako aisialdi gune bat ere egokitu dute, eta lan horiekin batera, ur horniduraren instalazio eta euri uren sare zaharkituak ere eraberritu dituzte.
Lanek 2.340 metro koadroko eremua hartu dute, Laubideko 15. eta 17. atarietako atzeko aldetik 21.era, eta 7.era bitartean, hain zuzen, lehengo Erosle saltokiaren inguruan. Aurrekontua 274.402,76 eurokoa izan da, BEZ-a barne, eta lanak hiru hilabete eta erdian amaitu ditu Antio Eraikuntzak enpresak.
Laubideko kale nagusia oinezkoentzako gune bihurtu zutenean, auzoko zenbaki bikoitien eta bakoitien eremutik desbideratu zuten zirkulazioa, baina garajeetako sarrera ugari egonik, arazoak sortu ziren. Egoera horri aurre egiteko, eta bizilagunek eskatuta, hasi zituen udalak 2016an, zirkulazioa ordenatzea helburu zuten hirigintza lanak. Bikoitietatik hasi ziren, eta aurten bakoitien eremuarekin amaitu dute.