Lazkaon hirugarren sektorea berrindartzeko pizgarriak eta bonuak sortuko dituzte
Erantzun Plana diseinatuko du udalak. Internet bidezko salmenta zabaltzeko eta kalean kultura jarduera ugaritzeko ekimenak ere aurreikusi ditu. Tasak ez kobratzea da beste laguntza-ildo bat.
Lazkaoko ehun ekonomikoa eta bereziki hirugarren sektorea indartzeko, koronabirusaren krisialdiaren eraginak leunduko dituen Erantzun Plana egingo dute. Merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuak izango ditu subjektu, eta “arlo soziala eta ekonomikoa” hartuko ditu bere baitan.
Zenbait ekinbide gauzatzeko asmoa aurreratu du Lazkaoko Udalak, Erantzun Planean. Batetik, Lazkaon herriko bertako kontsumoa bultzatzeko, erosketa-bonuak eta pizgarriak aterako ditu. Ez du zenbatekorik edo xehetasun gehiagorik azaldu. Bestetik, Internet bidezko salmenta zabaltzeko, “bultzada” emango du. Udal tasak (zaborrarena, urarena, terrazena edo errotulazioarena) ordaintzetik salbuesteko asmoa ere bada, zenbait sektorerentzat. Ekintza zehatzik ez dute aurreratu.
Koronabirusaren geldialdiak sortutako kalteak arindu, eta “ehun ekonomikoa berraktibatu” nahi du plangintzak. “Lehenengo asteetan herritarren segurtasuna eta babesa bermatu dugu, eta orain, horretaz gain, ehun ekonomikoaren berraktibatzea da jomuga”, azaldu du Kepa Zubiarrain alkateak. Horretarako, krisiak eragindako inpaktu soziala eta ekonomikoa neurtuko dutela iragarri du, herriko establezimendu guztien “sentimendua eta errealitatea” jasota.
Ekimenerako beste esparru bat kalea izango da. Kalea “bizitzeko” jarduerak, ekitaldiak eta kultur ekimenak bultzatuko dituela esan du udalak. Kultura-sektorea “oso kaltetuta” aterako dela eta, leuntzeko “osagarriak” antolatuko dira Lazkaon.