Aralarko larreen kontrol falta salatu du Landarlanek
Ibilgailuak pistetatik kanpo ibiltzen direla salatu du ingurumen elkarteak, eta eremuan kontrolak ezartzeko eskatu dio mankomunitateari. Ganadu kopuruaren igoera kezkagarria dela diote.
Enirio Aralarreko larreak maiatzaren lehenean zabaldu zituztenetik, natur eremuan izandako «kontrol eza» salatu du Landarlan ingurumen elkarteak. Ibilgailuak pistetatik kanpo dabiltzala esan dute, azken hilabeteetako «lasaitasuna» zapuztuz. Hala, Enirio-Aralarko mankomunitateari ibilgailuen kontrolak areagotzeko eskatu dio, eta gainerako herritarrentzat mendian ibiltzeko jarraibideak eman ditzala, koronabirusaren eragindako «alarma egoera arintzen doan neurrian».
Aralarko goi larreetara igotako ganadu kopuruak izan duen igoera ere «kezkagarritzat» jo dute. Aurten 130 abeltzainek lortu dute larreak erabiltzeko baimena. Denera 17.311 ardi, 985 behi eta 862 behor igoko dituzte, iaz baino 162 buru gehiago. Elkartearen esanetan, 2019ko larreen planaren aurkakoa da kopuru hori, haren arabera, bost eta zazpi urte bitartean behiak 550-650 burura murriztu beharko liratekeelako, eta behorrak 350-400ra. Halere, «albiste ontzat» hartu dute abeltzainei osasun gidak eskatu izana, «aspaldi» egin beharreko gauza zela nabarmendu arren. Kritiko agertu dira, baina, Abaltzisketa, Altzaga, Arama, Beasain eta Lazkaoko udal ordezkariekin. «Ulertezintzat» jo dute mankomunitateari «lege agindua ez betetzeko» eskatu izana.