Goierriko museoak dastatzeko aukera izango da etzi, Museoen Egunean
Museoen Nazioarteko Egunarekin bat egin dute Ezkioko Igartubeiti eta Ormaiztegiko Zumalakarregi Museoek. 'Museoa dastatu!' egitasmoaren bidez, objektu historikoak eta sukaldarien errezetak uztartuko dituzte, eta lehiaketa bat ere jarriko dute martxan.
ICOM Nazioarteko Museoen Kontseiluak bultzatuta, Museoen Nazioarteko Eguna ospatuko da astelehenean, hilak 18. «Museoak berdintasunaren alde: aniztasuna eta inklusioa» izango da aurtengo lema. Hori dela eta, Goierriko museoek hainbat ekintza berezi antolatu dituzte, beti ere, koronabirusak eragindako alarma egoerara egokituta. Aurten ez da, beraz, bisita gidaturik, tailerrik edota zuzeneko hitzaldirik izango. Baina hainbat bideo eta ekimen prestatu dituzte museoek, sarean zabaltzeko.
Foru Aldundiaren museo sarea osatzen duten Ormaiztegiko Zumalakarregi Museoak, Ezkioko Igartubeiti baserri-museoak eta Donostiako Euskal Itsas Museoak, Museoa dastatu! egitasmoa jarri dute martxan, egun horren harira. Gastronomiaren bidez, kultura aniztasunaz eta dibertsitateaz hausnartuko dute, gure ondarera beste ikuspegi batetik hurbiltzeko. Egitasmoaren bultzatzaileek azaldu dutenez, “gure kultura gastronomikoaren osagai asko oso urrutitik etorri dira eta aniztasun kulturalaren ondorio dira, eta, hala, museoek kulturen arteko topagune izan nahi dute”. Horren adibide da Zumalakarregi Museoak garatu duen Migrazioak proiektua; ikasleek eta 25 nazionalitate migratzailetako komunitateek parte hartu dute bertan, XIX. mendetik hona migrazioek izandako eragina aztertuz.
Museoa dastatu! egitasmoaren barruan, objektu bat hartu eta sukaldean erabiltzen den errezeta edo osagai batekin uztartzen da, bideo baten bidez. Horrela, hiru zentroak gertuko sukaldaritza adituengana hurbildu dira, haien sekretuak eta jakintza ezagutzeko. Igartubeiti Museoak Ezkioko Argindegi ostatuko Josu Landa sukaldariarekin egingo du saioa, eta Zumalakarregi Museoak Rafa Gorrotxategi gozogilearekin, Pernan Goñi ilustratzaileak lagunduta. Solasaldi horiek astelehenean jarriko dituzte ikusgai, museoen webguneetan. Lehiaketa bat ere jarriko dute martxan, jendeak parte har dezan, proposatutako osagaietatik abiatu eta “errezetarik originalenak” bidalita. Parte-hartzaileen artean hainbat sari banatuko dituzte. Lehiaketak maiatzaren 17tik 24ra bitartean iraungo du.
Bi ekitaldi horien inguruko informazio gehiago, Ezkioko Igartubeiti baserri-museoaren eta Ormaiztegiko Zumalakarregi Museoaren webguneetan.
Gipuzkoako Museoak sarean
Bere aldetik, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Gipuzkoako Museoak webgunea sortu du, 70 museo eta interpretazio zentrotara sartzeko plataforma digitala. Plataforma hori Gipuzkoa Kulturaren web orrian egongo da ikusgai. Harkaitz Millan Kultura diputatuak museoek duten egiteko garrantzitsua eta horien edukiak hurbiltzearen beharra nabarmendu ditu. «Museoen ondarea zabaltzea lagungarria zaigu gure historia herritarrengana hurbiltzeko eta gaurkotasuna eta bizi dugun oraina hobeto interpretatzeko».
Urrelur museoak ere bat egin du
Aldundiaren museoen sareko kide ez bada ere, Urretxuko Urrelur Museoak ere bat egin du Museoen Nazioarteko Egunarekin. Hori dela eta, bihar bi bideo argitaratuko dituzte sare sozialetan, bata eguna argutuz, eta bestea “Sumendi tailerra etxean” egin ahal izateko tutoriala.
Urrelur museoak ekintza ugari egin izan ditu urteetan zehar egun horren inguruan; doako bisita gidatuak, mineralogia txangoak, tailerrak, lehiaketak, antzerki, dantza eta musika saioak… Aurten, ordea, “bizitzen ari garen egoerak ezinezkoa egiten du ohiko moduan ospatzea”. Hori dela eta, sare sozialei begira antolatu dituzte aurtengo ekintzak.