Presoen aurkako erasoak salatzeko elkarretaratzeak deitu dituzte gaurko
Ordiziako Gaztetxeak eta Zaldibiako Gazte Asanbladak elkarretaratze bana deitu dute gaurko, gose greban dagoen Patxi Ruizi elkartasuna adierazi eta presoen babesgabetasun egoera salatzeko.
Presoen aurkako erasoak gelditu! lemapean, Ordiziako Gaztetxeak eta Zaldibiako Gazte Asanbladak elkarretaratzeak deitu dituzte gaur iluntzerako. Protesta 20:00etan izango da, Ordiziako eta Zaldibiako plazetan. Beasaingo Gaztetxeak ere bat egin du deialdiarekin, eta Ordiziako bilkurara joateko deia egin du. Deitzaileek, segurtasun neurriak hartzeko deia egin die herritarrei, besteak beste, eskularruak eta musukoak edo maskarillak jantzitza.
Gazte taldeen arabera, “bizi dugun ezohiko egoera honek askori sortu digu ‘kartzelaldi’ bat denaren sentsazioa”, baina egoera hori are larriagoa da “ziega zuloan, osasun neurri eta babesik gabe, gertukoen bisitarik gabe” dauden presoen kasuan. “Preso askok gainera, euskal presoak tartean, funtzionarioen irain, kolpe eta isolamendu neurriei aurre” egin behar dietela gogorarazi dute. Patxi Ruiz euskal preso politikoak “egoera honen aurrean gose eta egarri greba” hasi du, eta hainbat lagun batu zaizkio, kartzela barruan nahiz kanpoan. Egoera hori salatu eta “presoekiko elkartasun keinu txiki bat” egin nahian antolatu dituzte gaurko elkarretaratzeak.