Giza larrialdietarako etxebizitzaren araudia, legazpiarren ekarpenen zain
Aste honetan bertan ireki dute parte hartze prozesua, Internet bidez. Udalaren webgunean dago ikusgai dokumentua. Udalbatzak onartu behar du ondoren araudia
Legazpiko Udalak giza baliabide berria izango du aurrerantzean, giza larrialdietarako harrera etxebizitza bat, hain zuzen, atzo Maite Lonbide Gizarte zerbitzuetako zinegotziak Lourdes Garcia gizarte langilearekin batera emandako prentsaurrekoan jakinarazi zuenez. Zerbitzu berri hori udal etxebizitza batean kokatuko da, bertan egokitzeko lanak egin eta gero.
Udalak prest du dagoeneko etxebizitza hori erabiltzeko araudiaren proposamena. Alderdi guztien artean adostu duten dokumentua dela azaldu zuen Lonbidek, «aurreko agintaldian hasi zen araudi hau lantzen, hausnarketa sakona egin zen, eta inguruko beste araudi batzuk aztertu ziren». Orain herritarren esku utzi dute araudi proposamena, ekarpenak egin ditzaten. Maiatzaren 29an amaituko da horretarako epea.
Erabiltzeko baldintzak
Araudi proposamenak, besteak beste, harrera etxebizitzaren erabilerara eramango duten larrialdi egoerak finkatzen ditu. Hala, Legazpiko Udalak hondamendi egoera ezartzen dion etxebizitza batean bizi direnek erabili ahal izango dute, baita hondamendi, sute, uholde eta antzeko gertakizunen ondorioz ere. Familia harreman jasanezinak eta tratu txar fisikoak edo psikikoak daudenean ere erabiliko ahal izango da harrera etxebizitza, edo sexu esplotazio edo pertsonen salerosketa egoerak ematen direnean. Beste bi egoera ere aurreikusten dituzte araudian: gizarteratzeko programa batean parte hartu eta bilakaera ona izaten ari diren pertsonek erabili ahal izango dute, bizitoki bat behar badute; eta udaleko zerbitzuek bestelako gizarte edo osasun-premia egoerak aurreikusten dituztenean.
Legazpin gutxienez sei hilabete jarraian erroldatuta eta bertan bizi diren pertsona guztiek erabili ahal izango dute harrera etxebizitza, 12 hilabetez gehienez, salbuespenak salbuespen. Erabilera horregatik tasa bat ordaindu beharko dute.
Herritarren ekarpenak
Harrera etxebizitzaren araudia udalaren legazpi.eus webgunean dago ikusgai aste honetatik bertatik. Maiatzaren 18an hasi da parte hartzeko prozesua, eta hilaren 29ko 15:00ak arte egongo da irekita. Baina alarma egoeran ezin denez ohi den bezala partaidetza fororik egin, udalaren webgunean bertan egin beharko dituzte ekarpenak legazpiarrek, Giza premia edo larrialdi egoeretarako etxebizitzaren araudia titulua duen atalean.
Parte hartze prozesuaren ondoren, udalbatzak onartu beharko du harrera etxebizitza honen erabilera arautzen duen dokumentua, eta behin onartutakoan hasi ahal izango da zerbitzu berria erabiltzen.