Ur Kontsortzioaren ezohiko neurriak, herritarren beharrei erantzuteko
Gipuzkoako Ur Kontsortzioak «egoera ahulenean dauden kolektiboak eta osasun-krisiak gehien erasandako negozioak» babesteko neurriak iragarri ditu; ur-mozketarik ez dutela egingo ziurtatu dute, besteak beste.
Gipuzkoako Ur Kontsortzioaren Batzorde Exekutiboak, COVID-19aren osasun larrialdiak eragin dituen ondorio ekonomikoei aurre egiteko ezohiko neurriak hartzea erabaki du aho batez. Neurrien helburua «egoera ahulenean dauden kolektiboak eta osasun-krisiak gehien erasandako negozioak babestea da, bereziki zailtasun ekonomikoak dituzten familiak, autonomoak eta enpresak». Honela, ordaintzeko moduak erraztu eta ur-hornidura bermatzea da helburua, «ur-mozketarik ez dela egingo ziurtatzen da».
Honela, fakturen ordainketa egiteko borondatezko epea abenduaren 31arte luzatu dute. Bestetik, errekargurik eta interesik gabeko zatikako ordainketa (frakzionatua) egiteko erreztasunak emango dituzte. Gainera, «Alarma Egoerak irauten duen bitartean, ez da ur mozketarik egongo ordainketa ezagatik».
Bestalde, Alarma Egoeraren ondorioz itxita egon diren komertzio eta ostalaritza negozioentzat, «bigarren hiruhilekoari dagokion fakturaren tarte finkoa %100 hobetsita egongo da, ez da ordaindu beharrik izango».