Alarma egoeran hartutako neurrien berri eman du Itsasoko Udalak
Herriko bi ostalaritza zerbitzuei begirako neurri ekonomikoak dira batzuk. Foru Funtsaren jaitsierak aurrekontu aldaketa dakarrela ere jakinarazi dute, eta udaletxeko ganbarako lanen esleipena berriz jarri dute martxan
Aurrez aurreko bilerarik ez dute egin azken asteotan Itsasoko Udal Batzordeko kideek, baina alarma egoera ez da oztopo izan udalaren martxarako. Hala, hainbat neurri eta erabaki hartu dituzte Itsasoko udal batzordekideek, eta horien berri helarazi die herritarrei.
Herriko bi ostalaritza zerbitzurekin zerikusia duten neurriak dira horietako batzuk. Hala, Ostatuari eta Mandubiko Bentari itxita dauden epeari dagokion zabor tasarik ez kobratzea erabaki dute. Osatuari, gainera, epe horretan ez diote errentarik kobratuko eta argindarraren faktura udalak ordainduko du. Mandubiko Benta maiatzaren 25ean eta Ostatua ekainaren 2an irekiko dituztela ere jakinarazi du udalak.
Neurri ekonomikoekin jarraituz, 2020ko Foru Fondoaren ekarpena %20 txikiagoa izango dela eta, udaleko aurrekontuak diru sarrera berriei egokitu egin beharko direla aurreratu dute.
Foru aldundiak landa bideak egokitzeko diru laguntza programa eten egin duela ere jakinarazi du udalak, eta horrek 30.000-bat euroko galera ekarriko duela. Diru horrekin Ariztizabal-Kamiño, Atinbarrena, Mendeungo bidean Mandubiko bidegurutzera bitartekoa, eta Errebuelta-Eztalako luiziaren konponketa ziren egitekoak. Orain Azpiegitura Batzordean aztertuko da zein lan egin daitekeen 2020ko aurrekontuaen kargura.
Udaletxeko ganbara
Alarma egoeragatik etenda geratu zen proiektu bat berriz martxan jarri dutela ere jakinarazi du udalak. Gune horretan egokitu nahi den gela balioanitza egiteko bigarren fasearen esleipena berreskuratu da, eta lan horiek egiteko interesa duten enpresek ekainaren 4ra arteko epea izango dute proposamenak aurkezteko. Obrak sei hilabetean egin beharko dituzte, eta tarte horretan udal bulegoa eliza atariko lokalean egongo da.
Azkenik, Aldundiari Ormaiztegi-Alegi-Ezkio artean bidegorriaren lotura gauzatzea eskatu diotela ere jakinarazi dute.