Javier Gonzalez margolariak erakusketa birtuala jarri du ikusgai
Legazpiko artista, orain arteko lanetan landu duen kostunbrismoa utzi, eta estiloa aldatu nahian dabil, abstrakzioaren abangoardiari eta koloreari helduta. Udazkenean erakusketa fisikoa egingo du herriko kultur etxean.
Erosketak, lana, ikasketak… dena egin daiteke internetez, baita erakusketak ere. Javier Gonzalez margolari legazpiarrak bere lanak jarri ditu ikusgai peopleartfactory.com/g/17132 webgunean. Facebook-en Meloinvento Creaciones ekimenak eta Demarc Estudio diseinu grafikoko enpresak dituzten perfiletatik ere sar daiteke erakusketa birtualera. Azken egunak dira, laster itxiko da.
Meloinvento Creaciones eta Demark Estudioaren atzean dago, hain zuzen, Nostalgia izenburua duen erakusketa honen jatorria. Kaiet Gonzalezek martxan jarritakoak dira biak, eta erakusketa birtualen munduan murgildu nahi zuela eta, anaia Javierren lana aukeratu zuen proiektu berriari hasiera emateko.
Nostalgiatik abiatuta
Urte askotako esperientzia duen margolaria da Javier Gonzalez, eta bere ibilbideari errepaso ematen dioten margo lanak dira erakusketa birtual honetarako aukeratu dituenak. «Margoaren mundua alboratuta nuen apur bat, baina ez ahaztuta, eta erakusketarako lehengo lan batzuk eta berriz ere landu ditudan beste batzuk aukeratu ditut», dio.
Koadro horien argazkiak dira ikusgai daudenak, horiekin Kaietek egindako performancea hain zuzen. Ordenadorean ikustekoa da, eta muntaiak modu birtualean eramaten du ikuslea koadroz koadro, aretoz areto. Margo bakoitzaren gainean sakatutakoan, titulua, neurriak eta ezaugarriak agertzen dira.
Kostunbrismoa eta erretratuak dira nagusi, baita paisaia batzuk ere. «Antzinako irudiak dira batez ere, baserriak, orubeak, lehengo eszenak…». Horixe izan da Javier Gonzalezen lanaren ildoa, baina etorkizunari begira bere koadroei beste kutsu bat emateko asmotan dabil, «abstrakzioen abangoardiak jorratu nahi ditut, XX. mendearen hasierako abstrakzioa». Oso mundu diferenteari heldu nahi dio, beraz, «orain arte errealitateari begiratu diot, baina hemendik aurrera irudimena landuko dut gehiago ; horrek koordinazio lan handia eskatzen du, ikusleari nik nahi dudana helarazteko, nik ulertzen dudana ikusleak ere uler dezan». Kolorea ere gehiago landuko du aurrerantzean. Etxeko garajean prestatuta duen txokoan zain ditu dagoeneko mihiseak, pintzelak eta olio koloreak.
Udazkenean, kultur etxean
Margo estilo berriari ekiteaz gain, Javier Gonzalezek badu beste proiektu bat esku artean, udazkenaren amaieran erakusketa fisiko bat jarri nahi duelako Legazpiko kultur etxean. Hor ere, lehengo koadroak, berritutako lanak eta lan berriak jarriko ditu ikusgai, «niri gustatzen zaidan bezala, ondo markoztatuta».