Zirkuko langilearen heriotza salatzeko elkarretaratzea egin dute Beasainen
ELA, LAB, ESK, STEILAS, EHNE eta HIRU sindikatuek egin dute deialdia.
Euskal Herriko gehiengo sindikalak deituta, elkarretaratzea egin dute 11:00etan Beasaingo plazako eskaileretan, astelehenean Circo Italianoko trapezista baten lan heriotza salatzeko.
ELA sindikatuko Izaro Mujikak azpimarratu nahi izan duenez, “lehen langile klasearen egoera zaurgarria bazen, Covidak eragin duen koiuntura honetan zaurgarritasun hori areagotu da, eta areagotu da esponentzialki. Horrek zer esan nahi du? langile klasea babes falta izugarriarekin ari dela lanean”. Era horretan, “beste behin ere” salatu nahi izan du, “Eusko Jaurlaritza beste gai batzuetan oso kezkatuta dabilen bitartean, urtero bezala, hamarnaka eta hamarnaka langile direla beraien lanpostuetatik etxera bizirik iristen” ez direnak. “Lakra” horrekin amaitzeko behar diren neurri guztiak hartzeko eskatu dio jaurlaritzari.
LABeko Unai Aizpuruk, lehenik eta behin elkartasuna eta doluminak adierazi nahi izan die hildakoaren gertukoenei. Ondoren salatu nahi izan du, “jadanik 33 direla aurten Euskal Herrian lan istripuen ondorioz hil direnak, eta Zaldibarko bi langileak oraindik han daudela”. Honela, langile klasea pairatzen ari den “odol huste” horrek erantzuleak dituela salatu zuen: “Hasteko eta behin, inposatzen zaizkigun politika neoliberalak eta haren ondorioz jasaten gabiltzan prekarietatea”. Eta horretan guztian, arduradunak dituela salatu du: “Batetik, patronala, irabaziak langileen osasunaren eta bizitzaren aurretik jartzen dituztelako, eta oso merke ateratzen zaielako. Eta horrekin lotuta, erakundeak eta beraien pasibitatea”. Egoera horretan, “Eusko Jaurlaritzari galdetu nahi diogu, odol huste hau gelditzeko zein neurri zehatz hartzeko prest egongo litzatekeen, izan ere, jada hitzekin bakarrik ez da nahikoa”. LABeko ordezkariarentzat, “hau dena gelditzeko bide bakarra gure bizitza eta lan osasuna erdigunean jarriko dituen eredu baten eraikuntza” da. “Langile klaseari dei egiten diogu borroka honetara batzeko”.