Beasaingo Udalak haserrea eta ondoeza adierazi du bart gaueko gertakariengatik
"Jokabide hauek auzolotsa eta inpotentzia sortu dute udal agintariengan, batez ere etengabe herritarrei koronabirusaren hedapena prebenitzeko gomendio eta arauen berri ematen aritu ondoren".
Beasaingo Udaleko Bozeramale batzordea bildu da gaur 13:00etan, bart gaueko gertakariak aztertzeko. Ondorengo adierazpena argitaratu dute, udala osatzen duten EAJ, EH Bildu eta PSE-EEko bozeramaleek onartuta:
“Bart gauean izandako gertakarien ondoren, Beasaingo Udalak bere haserrea eta ondoeza adierazi nahi ditu Zaldizurretako plazan pertsona talde batek izandako jarreraren eta jarduteko moduaren aurrean.
Jokabide hauek auzolotsa eta inpotentzia sortu dute udal agintariengan, batez ere etengabe herritarrei koronabirusaren hedapena prebenitzeko gomendio eta arauen berri ematen aritu ondoren. Agerian geratu da kontzientziaziorako eta informazioa zabaltzeko ahaleginei entzungor egin diotela zenbaitzuk. Erakutsitako arduragabekeriak ez dauka inolako aitzakiarik eta jokaera hauek guztiz deitoragarriak dira.
Koronabirusak eraginda duela hilabete jakinarazi zuen udalak jaiak bertan behera geratu zirela. Helburu bakarra jende pilaketak saihestea izan da behin eta berriz eta hori bete ahal izateko herritarrek arduraz eta erantzukizunez jokatzeko deia zabaldu du.
Horrelako jarrera insolidarioek berriro gogora ekarri dizkigute koronabirusak eraginda hildako pertsonak, haien senideak, osasun arloko profesionalak eta oro har, prebentzio arauak betetzen saiatzen direnak; izan ere, guztion ahaleginarekin bat eginik pandemia hau gelditu ahal izango da egungo alarma egoeratik irteteko.
Hala eta guztiz ere, udal gobernuak jakin badaki herritarren gehiengoa arduraz eta gizalegez jokatzen ari dela eta aurrerantzean gertaera honek gogoetarako balio izateaz gain prebentzio eta babes neurriak tinko betetzen jarraitzeko deia luzatzen zaie”.
Ertzaintzaren ikerketa
Berria egunkariak jakinarazi duenez, Ertzaintzak ikerketa bat irekiko du eta bideoan agertzen direnak identifikatuz gero, isuna jarriko diela alarma egoeraren segurtasun neurriak hausteagatik.