Zer esana eman du Beasaingo festen lehenengo eguneko hainbat gazteren jarrerak
Beasaingo Zaldizurreta plazan hainbat gaztek Mariren Jaitsiera irudikatzeko egindakoak zer esan handia eman du, eta kritika ugari sortu ditu sare sozialetan eta komunikabideetan. 13:00etan Beasaingo Udaleko Bozeramale Batzordea bilduko da egoera aztertzeko.
Atzo, Beasaingo Zaldizurreta plazan hainbat gaztek Mariren Jaitsiera irudikatzeko egindakoak zer esan handia eman du, eta kritika ugari sortu ditu sare sozialetan eta komunikabideetan, koronabirusak eragindako Alarma Egoerako segurtasun neurriak bete ez zituztelako.
13:00etan Beasaingo Udaleko Bozeramale Batzordea bilduko da egoera aztertzeko.
Erantzukizunez eta arduraz jokatzeko deia
Beasaingo Udalak egun hauetan herritarrek “erantzukizunez, errespetuz eta egoerak eskatzen duen tamainan erantzungo” duela espero du. “Jakina da duela hilabete koronabirusak behartuta Loinatz jaiak bertan behera uzteko erabakia hartu zuela udalak. Orain, eta kalera irteteko baimena murritza den arren, jai gogoz dago jendea. Horren aurrean, Udalak orain arte lortutakoari tinko eusteko mezua zabaldu nahi du. Alarma egoerak bere horretan jarraitzen du eta Udalaz gain ezarritako aginduak indarrean jarraitzen dute. Horregatik, guztion ardura da arauak betetzea. Denon esku dago alarma egoera honetatik irteteko bidean aurrera egitea”.
Hori horrela, “datozen egunetan eta asteburuan bereziki sor litezken egoerei aurrea hartuta, udalak gogorarazten du jende pilaketak saihestu behar direla eta arauek diotena jarraituz, gaueko 23:00etarako herritarrak etxean egon behar dugula”.