Adif enpresak martxan jarri du Legazpiko tren geltoki berria egiteko obren lizitazioa
Proiektuak 4.765.204,73 euroko aurrekontua du, eta eraikuntza nagusiaz gain, lurrazpiko igarobidea, nasetara igotzeko eskailerak eta igogailuak eta markesinak instalatzea eta nasetan egokitzapen lanak egitea ere hartzen dute. Geltoki berria herrigunetik gertuago egongo da.
Legazpiko tren geltoki berria egiteko obren hasiera gertuago dago, Adif enpresak dagokion lizitazioa atera eta gero. Lanek 4.765.204,73 euroko aurrekontua dute (BEZa barne), eta bidaiarientzako eraikuntza berria egiteaz gain, igogailuekin eta eskailerekin lotuko den lurrazpiko bidea, markesina berriak eta nasak altxatzea ere hartzen dute. Zoruaren berrikuntza, nasetako bazterrak konpontzea, argiteria berritzea eta geltoki inguru osoan irisgarritasuna bermatzeko lanak ere egingo dira.
Tren geltoki berriaren eraikuntza trenbidearen eta kalearen artean dagoen altuera desberdintasuna baliatuz egingo dute. Eraikuntza nagusia kalearen mailan egingo dute, eta bertan kokatuko dute sarrera, bidaiarien kontrolerako gunea eta nasen arteko konexioa. Nasetara eskaileretatik edo igogailuan igo ahal izango da, eta markesina berriak jarriko dituzte. Nasak, gainera, luzatu egingo dituzte.
Geltoki berria, orain dagoena baino 130 metro gertuago egongo da herrigunetik.
Proiektu hau udalaren laguntzarekin osatu da, eta Irun-Brinkola tren lineako azpiegiturak hobetzeko Adifek eta Renfek 2014an landu zuten Irisgarritasuna Hobetzeko Planaren barruan kokatzen da.
Sozialisten balorazioa
Lizitazio honen hasieraren aurrean, Oscar Valbuena zinegotzi sozialistak herriko PSE-EEren aldetik “balorazio positiboa” egin du. “Hilabete gutxi batzuk barru, 2015ean herritarrekin hartu genuen konpromisoa errealitate bihurtuko da”, adierazi du kaleratu duen prentsa oharrean. “Gure herriko garraio publikoari bultzada emango dio, zalantzarik gabe”, dio oharrean.
Aldi berean, Espainiako gobernuari eskerrak ematen dizkio, “bizi dugun testuinguru zailean” Legazpirekin zuen konpromisoa betetzeagatik. Adifeko teknikariei, udalari, Odon Elorza diputatu sozialistari, Denis Itsaso Gobernuko Ordezkariari eta Gipuzkoan gobernuko ordezkari orde den Guillermo Etxenikeri ere luzatzen dizkie eskerrak, “egin dituzten gestioengatik”.