Bista Alai auzoaren bizi poza
Beasaingo Bista Alaiko auzotarrek Bizipoz izeneko WhatsApp taldearekin haurren eta nerabeen etxeko itxialdia arintzen eta alaitzen saiatu dira. Festak ere ari dira ospatzen
Koronabirusak eragindako etxeko itxialdia, auzoko bizilagunekin harremanak sortzeko edo sendotzeko baliagarria izan da. Balkoietan eta leihoetan inoiz baino denbora gehiago pasatzeko aukera izan denez, aldamenekoarekin tertuliatxoak egin eta konplizitateak areagotu dira. Horri guztiari teknologia berriak gehituz gero, auzo giroa sortzeko aukera ona izan da koronabirusaren itxialdia.
Horixe gertatu da, esaterako, Beasaingo Bista Alai auzoan. Bizipoza zabaltzen aritu dira auzotarren artean osatutako Bizipoza izeneko WhatsApp taldearekin. Batez ere haurren eta nerabeen etxealdia arinago egiteko helburuarekin, ekintza ugari antolatu dituzte. Jolasak, bingoa, dantzak eta kantuak, magia, bideo klipa, Euskaraldia… denetik egin dute. «Haur baten urtebetetze eguna zenean, gainerako haurrek marrazkia egin eta bideoa osatzen genuen, eta etxeko atean oparitxoa uzten genien». diote. Pintxo potea ere egiten dute ostegunetan: «Pintxoa prestatzen dute haurrek eta ondoren, 19:30ean, denok batera jaten dugu leihora edo balkoira aterata».
Haurren bizipozerako sortua izan dena, ordea, auzotar guztien bizipoz bihurtu da. «Haurrik ez duten helduek ere parte hartzen dute ekintzetan. Oso giro ona sortu da».
Etxe berri asko dituen auzoa da Bista Alai eta jende gazte asko bizi dahaurrekin, baina helduak ere bai. «Itxialdian elkar ezagutu gara eta bizilagunen arteko harremanak sendotu». Auzoaren nortasuna sortu da eta Bista Alain bizitzeaz harro daude. «Betiko auzotarrek esan digute San Joan bezperan, suaren inguruan festaren bat egiten zela auzoan. Festa hori berreskuratzeko asmoa daukagu. Eta aurten data horretan ezin bada, aurrerago egingo dugu». Izan ere, argi daukate, koronabirusaren egoera beltzetik sortutako harreman sarearekin eta auzoko bizipozarekin jarraitu nahi dutela.
Festak ere bai
Eta harreman horrek emaitzak ematen jarraitzen du egunero. Loinatz Jaiak ospatu behar liratekeen egun hauetarako ere, festa egun guztietarako egitaraua antolatu dute: Mariren Jaitsiera, danborrada, bingoa opariekin… egin dituzte, okasiorako apaindutako balkoietan. Gaur, sokadantzari egingo diote keinua, larunbatean mozorro eguna ospatuko dute eta azkeneko igandean, tonbola berezia.