Aurrekontua aldatu du Legazpiko Udalak egoera berrira egokitzeko
Koronabirusaren inpaktu ekonomikoa 1.402.570 eurokoa izan da udaleko kontuetan. Gastuak murriztuta eta iazko soberakinekin lortu dute aurrekontua doitzea
Koronabirusak gogor astindu du ekonomia, eta udalek ere nozitu dituzte ondorioak. Tasa eta zergen diru sarrera zuzenak murrizteaz gain, aldunditik urtero iristen zaien Finantzaziorako Foru Funtsaren ekarpena ere nabarmen jaitsi zaie eta, gainera, herriko ekonomia bultzatzeko neurriak hartu beharrean daude. Hori guztia, kasu gehienetan, 2020. urterako aurrekontuak onartuta zituztenean gertatu da, eta diru kontuetan doikuntzak egitera behartu ditu egoerak.
Legazpiko Udalak egin ditu doikuntzak, eta Koldobike Olabide alkateak aurkeztu berri ditu. Covid-19ak eragindako inpaktu ekonomikoa 1.402.570 eurokoa izan da Legazpin.
Sarrerak eta gastuak doitu
Koronabirusaren eraginez, Legazpiko Udalak, aurreikusitakoa baino 1.402.570 euro gutxiagoko diru sarrera izango du aurten. Batetik, 1.215.000 euro gutxiago jasoko ditu aldundiaren ekarpenetik (%20 murriztu da foru funtsa). Eta bestetik, 170.500 euro gutxiago kobratuko ditu udal tasengatik, 11.070 euroko diru laguntza batzuk jaso gabe geratuko da, eta beste 6.000 euro galduko ditu ondarearen alokai- ruagatik. Ondorioz, 11.157.000 euroko udal aurrekontua 9.754.000 eurokoa izango da.
Zenbaki berrietara egokitzeko, gastuen atalean murrizketak egin dituzte, baina langileriarena, udal eraikuntza eta lokalen mantenimendua, kale eta lorategi publikoen zainketa, gastu soziala, udal erakundeekin kolaborazioa eta mankominateekiko konpromisoa ziurtatuz, eta inbertsioak egiteko epeak luzatuz. Hala, uda ikastaroko langileen kontratazioan, inbertsioetan eta hainbat kontratutan murrizketak eginez, eta aldi berean herriko ekonomia bultzatzeko atal berri bat sortuz, gastuen atala 1.007.570 euro murriztea lortu dute, baina nahiko ez denez, iazko soberakinetatik 395.000 euro jarri dituzte. Horrela, udalaren iraunkortasun ekonomikoa ziurtatuta geratu da.
Hiru ardatz
Aurrekontuaren doikuntza hiru ardatz kontuan hartuta egin du udalak: herritarrak eta familiak laguntzea, bizitza soziala berreskuratzea eta herriko ekonomia bultzatzea. Eta hiru ardatz horietarako, 780.000 euroko partida bat gorde du. 403.000 euro, egoera ekonomiko berriari aurre egiteko planarentzako izango dira; besteak beste, merkataritza eta ostalaritza laguntzeko. Beste 223.000 euro udal elkarteekin elkarlana mantentzeko izango dira. Kiroldegiko abonuen itzulketa proportzionalerako 90.000 euro gordeko ditu, 45.000 euro herriko enplegu plana egokitzeko, 15.000 euro gazteentzako alokairu laguntzetarako eta 4.000 euro euskararentzako languntzak mantentzeko.













