Beasaindarrentzat musuko berrerabilgarriak banatuko dituzte doan
Larunbatean banatuko dituzte. Beasaingo Udal gobernuak Covid 19aren eraginaren aurrean babes eta segurtasun neurriak indartzeko musuko berrerabilgarriak banatuko dizkie beasaindar guztiei doan.
Joan den astean musukoen erabilera udalaz gaindiko agintariek derrigortu zutenean, udal gobernuak maskara berrerabilgarriak beasaindar guztiei doan banatzeko erabakia hartu zuen. Udalak eskuratutako maskarak erabilera anitzekoak dira, “300 garbialdi jasateko gai diren kirurgiako maskara higienikoak”.
Larunbatean egingo dute banaketa, 10:00etatik 12:00etara.
Ezkiaga auzoko herritarrei Ezkierdi frontoian banatuko zaie. Udalerriaren erdigunean bizi direnentzat bi puntu jarriko dira; udaletxeko sarrera nagusiko arkupetan bat eta Erauskin plazan bestea eta JM Iturriotz kaletik Barrendain plazarainoko biztanleek eta Beasainmendiko auzotarrek jasoko dituzte bi puntu hauetan maskarak. Barrendain plazatik Igartza Oleta kalerainoko herritarrek JM Barandiaran parkean jarriko diren mahaietatik pasa beharko dute. Eta azkenik Loinazpe ikastetxean Igartza Oletatik Antzizar auzorarte bizi direnentzako egingo da banaketa. Arriaran, Garin, Astigarreta eta Matxinbenta auzoko herritarrek Loinazpe ikastetxean jasoko dituzte maskarak.
.
Banaketarako jarriko diren mahaietan udalerriko etxebizitzen errolda egongo da eta bizitoki bakoitzean dauden pertsona kopuruaren arabera emango dira maskarak. “Horretarako komeni da etxebizitza bakoitzetik pertsona bat bakarrik joatea gomendatzen da maskarak jasotzeko”.
Boluntario sarea
Eginkizun honetarako udal gobernuak herriko elkarte eta eragileengana jo du eta boluntario sarea osatzen ari da. Parte hartu nahi duen orok udalaren webgunean eskuragai jarri den galdetegia bete beharko du izena emateko.