Eusko Jaurlaritzak kudeatuko du ekainaren 8an indarrean sartzekotan den 3. fasea
Alarma egoera seigarrenez eta azkenekoz luzatuko dute. Pedro Sanchezek «askoz arinagoa» izango dela iragarri du. Eusko Jaurlaritzak kudeatuko du hirugarren fasea
Beasainen eta Ordizian musukoak edo maskarillak banatu dituzte egunotan // A.Vierbücher Goierrik alarma egoeran egoteari utziko dio ekainaren 21etik aurrera. Orduan amaituko da arintze faseko hirugarren zatia, eta berarekin batera alarma egoera. Halere, egoeraren seigarren eta azken luzpena iragarri zuen herenegun Pedro Sanchez Espainiako presidenteak. Orain arteko arinena izango dela aurreratu zuen, baina «beharrezkoa» dela azpimarratu zuen: «Porturatzear gaude, osasun larrialdia amaitzear». Alarma egoeraren luzapena bihar bozkatuko dute Maddrilgo Diputatuen Kongresuan, eta ziurra da aurrera aterako dela. EAJk alde bozkatuko du eta Espainiako Gobernua EH Bilduren babesa negoziatzen ari da. Ekainaren 8an sartuko da indarrean eta hamabost eguneko iraupena izango du.
Beraz, hiru hilabete baino gehiago egongo da alarma egoera indarrean, udaberri osoan. Martxoaren 15ean ezarri zen, neguko azken asteburuan, eta urtaroko azken asteburuan kenduko da. Goierritarren oinarrizko eskubideak mugatuak egon dira denbora tarte horretan, Espainiako Gobernuari horretarako eskumena ematen dion tresna juridikoa baita alarma egoera. Kasu honetan, eskubideen murrizketen helburua jendea etxeetan bakartzea zen koronabirusaren hedapena gelditu eta osasun zerbitzuak kolapsatu ez zitezen. Goierrin helburua bete da: Zumarragako Ospitaleak ongi eutsi dio erauntsiari nahiz eta eskualdean 316 kasu atzeman diren eta 35 pertsona hil diren osasun sailak emandako informazioaren arabera. Maiatzaren 16tik ez da kasu berririk agertu.
Azken faserako eskaria
Gipuzkoan eta Euskal Autonomi Erkidegoan ere egoera baretzen ari da eta Iñigo Urkullu lehendakariak hirugarren eta azken fasera igarotzeko eskatu dio Espainiako Gobernuko osasun sailari. Ondo bidean, Goierri ekainaren 8an sartuko litzateke hirugarren fasean eta bi asteko iraupena izango luke. Behin azken fasea gaindituta, eskualde osoa normaltasun berria delakoan sartuko litzateke.
Hirugarren fasean herritarrek izoztutako eskubide batzuk berreskuratuko dituzte eta neurriak arinagoak izango dira. Esaterako, bilerak 20 lagunekoak izan daitezke gehienez, bai etxebizitza baten barruan, bai kanpoan; establezimendu eta merkataritza-lokal guztiak ireki ahal izango dira, horien azalera edozein dela ere, baldin eta edukiera erdira murrizten bada; eta haurrei eta gazteei zuzendutako aisialdiko jarduerak ere egin daitezke, gehienez 200 pertsona espazio irekietan, eta 80 barnealdeetan. Gobernuak kiroldegiak eta igerilekuak edukieraren %30era zabaltzea onartu du hirugarren fasera igaro ala ez.
Halere, neurrien kudeaketa erkidegoetako presidenteen esku geratuko da. Alarma egoera luzapena onartzeko jeltzaleen baldintzetako bat zen eta Espainiako Gobernuak ametitu egin du. Ondorioz, baliteke Iñigo Urkulluk Gipuzkoaren, Arabaren eta Bizkaiaren arteko mugak ezabatzea. Nafarroa ere hirugarren fasera igarotzen bada, Hego Euskal Herri osoan libreki mugitu ahalko da, inolako ordu mugarik gabe eta arrazoia edozein dela ere. Goierritik Ipar Euskal Herrira joango ahal den ez dago argi, Frantziaren eta Espainiaren arteko mugak itxita jarraituko duelako. Urkulluk, Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa euroeskualdeko txandakako presidente gisa, bi herrialdeetako gobernuei karta bana bidali die mugako neurriak malgutzeko eskatuz.
Osakidetzak artatze jarduerei ekin die
Osasun zerbitzuen egoera lasaitzen ari denez, Osakidetzak koronabirusagatik etendako zerbitzuak berriz ere martxan jarri ditu, tartean, herrietako anbulategiak eta mediku kontsultak. Esaterako, Zaldibidako arreta zerbitzua atzotik zabalik dago. Aurrez, Ordiziako zentrura deitu behar da telefonoz eta adituek beharra ikusiz gero, Zaldibian bertan aurrez aurreko kontsulta jaso dezake gaixoak.
Zumarragako Ospitalean ere ebakuntza kirurgikoak, kanpo kontsultak eta proba osagarriak ere hasi dira. Nekane Murga osasun sailburuaren arabera, goizeko txandako ebakuntzen ia %100a berreskuratu da, eta gainerako jarduerak %40 eta %70 artean. Murgak osasun arloko profesionalei eskerrak eman dizkie egindako lan eskergagatik eta herritarrei ere aitortu die egindako esfortzua. Halere, gogorarazi du koronabirusak erasateko arriskua oraindik badagoela eta segurtasun neurriak errespetatu behar direla.













