Gaur zortzi hirugarren fasera pasatzeko eskaera egingo du Jaurlaritzak
Bigarren fasearen balantze «positiboa» egin du Urkullu Lehendakariak, eta osasun egoeraren bilakaera ona izaten ari dela dio. Hilaren 8tik aurrera, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa hirugarren fasean sartzeko eskaera egingo dute gaur.
Pedro Sanchez Espainiako Presidenteak eta Autonomia Erkidegoetako ordezkariek atzo egindako bileraren ondoren, Eusko Jaurlaritzak jakinarazi du hirugarren fasera pasatzeko eskaera egingo duela ekainaren 8rako. Espainiako Gobernuak alarma egoera ekainaren 21era arte luzatzeko asmoa iragarri du, eta proposamena aurrera aterako da, EAJren eta ERCren babesa izango baitu Sanchezek.
Espainiako Presidenteak atzo jakinarazi zuen, bestalde, erkidego bakoitzeko presidenteak izango duela, konfinamendua arintzeko 3. fasetik aurrera, alarma egoera kudeatzeko ardura. Bileraren onodren, Iñigo Urkullu lehendakariak jakinarazi du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan bigarren fasea «positiboa» izaten ari dela eta osasun egoeraren bilakaera ona izaten ari dela. Gainera, gaur bertan eskatuko du EAEko hiru lurraldeak 3. fasera pasa daitezela, hilaren 8tik aurrera.
Horrez gain, bost eskakizun aurkeztu zituen Urkulluk atzoko batzarrean; besteak beste, osasun neurri gisa erosi beharreko maskarei ez jartzeko BEZ balio erantsiaren gaineko zerga ordainketa partekatua ezarria duten herritarrentzat, eta halabeharrez aurkeztu beharreko aldi baterako lan erregulazio txostenak luzatzeko, irailera arte luzatuta Gizarte Segurantzako kotizazioak ordaintzeko hobariak.
Astean zehar ezagutarazitako beste proposamen bat ere egin dio Urkulluk Sanchezi: Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa euroeskualdearen arteko mugikortasuna ahalbidetzeko eta, beraz, Ipar eta Hego Euskal Herriaren arteko muga zabaltzeko. Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakariak begi onez ikusi du Sanchezek iragarri izana Frantziako Gobernuarekin hitz egingo duela, mugaz gaindiko mugikortasuna ahalbidetzeko.
Gainera, urtean 18.000 euro baino gutxiagoko diru sarrerak eduki eta lan erregulazioan dauden langileentzat diru osagarri bat pagatzea proposatuko du Jaurlaritzak Elkarrizketa Sozialerako Mahaian. Migratzaileei dagokienez, Urkulluk Madrili eskatuko dio migratzaileen administrazio prozedurak arintzeko, lehenbailehen izan dezaten lan baimena.