'Circo Italiano'-ren emanaldiarekin berrekin dira ikuskizunak Goierrin
Beasainen zirkua egongo da datozen bi asteburuetan. Segurtasun neurri bereziak hartu behar dira kultur ekitaldiak egiteko. Liburutegiak eta aretoak ere zabalik daude
Circo Italiano konpainiak emanaldia eskainiko du gaur Beasaingo Bernedoko aparkalekuan. Koronabirusak eragindako geldialdiaren ostean mundua ari da lehengoratzen eta kultur ekintzak itzuli dira Goierrira. Artistek hamalau emanaldi emango dituzte datozen bi asteburutan: ostegunetan 19:00etan, ostiraletan 18:00etan eta 20:15ean, larunbatetan 17:00etan eta 19:30ean eta igandeetan 12:00etan eta 18:00etan.
Zirkuko arduradunek egokitzapenak egin behar izan dituzte garbitasun eta osasun baldintzak betetzeko. Esaterako, nahiz eta altxa duten karpa betikoa den arren, edukiera erdira murriztu dute ikusleen artean distantziak mantendu daitezen. Era berean, sarrerak internet bidez erosteko eskatu dute ilararik sortu ez dadin. www.ilcircoitaliano.com atarian daude salgai eta ateak saioa hasi baino ordu erdi lehenago zabalduko dira.
«Hasteko irrikan gaude», dio Sonia Miranda zuzendari artistikoak. Iturralde Txiki industrialdeko aparkalekuan ia hiru hilabetez geldirik egon dira. «Bihotzez eskertu nahi dugu Beasainen eta udalaren esku zabaltasuna, egonaldia erraztu digutelako. Gurutze Gorriko boluntarioak ere aipatu nahiko nituzke, egunero arduratu direlako gu guztiotaz». 32 artistek osatzen dute ikuskizuna, baina Circo Italiano konpainian 60 kide dira. Trapezista bat itxialdian entseatzen ari zela hil egin zen istripu bat izan ostean. «Bere omenez egin nahi dugu lehen saioa». Ia bi orduko ikuskizuna izango da, «liluratzailea, berritzailea eta edertasun handikoa». Ohiko saioa izango da, akrobatekin, dantzariekin eta pailazoekin. «Egokitzapen batzuk egin behar izan ditugu. Esaterako, publikoarengandik gertuago egoteko harmailetatik irteten gara une batzuetan, baina ez dugu halakorik egingo», azaldu du zuzendari artistikoak.
Bideari berriz ekitera
Beasaindik Urretxura ziren joatekoak, baina udalak atzera egin du. «Ez da justua. Eskatzen dizkiguten baldintza guztiak bete ditugu. Ez dago arriskurik. Emanaldirik gabe ez dugu sarrerarik», azpimarratu du. Itxialdiak eragindako zuloa estaltzeko zero ilara zabaldu dute. Beasaindik Donostiara eta Irunera joango dira.
Gainerako kultur eremuak ere hasi dira zabaltzen eta ekintzak ugaritzen. Liburutegiek zabaldu dituzte ateak, baina soilik liburuak mailegatzeko. Museoak, bisita gidatuak eta aretoak ere zabaltzen ari dira. Igartzako Monumentu Multzoak, esaterako, atzo zabaldu zituen ateak.