Lizarrustiko zuhaitzak eta Barandiaranen bizipenak ezagutzeko ibilbide bana antolatu dituzte
Lizarrustiko parketxeak eta Barandiaran museoak antolatuta, ibilbide bana egingo dituzte asteburuan. Mitologia eta orientazioa uztartzen dituen jolasa ere antolatu dute, hilaren 14 eta 20rako.
Ataungo natur eta kultur ondarea ezagutzeko irteera sorta antolatu dute Lizarrustiko Parketxeak, Barandiaran Museoak eta Ataungo Udalak. Ekainean zehar bost saio egingo dituzte guztira, asteburuan hasita. Ibilbide horietan parte hartzeko izena eman behar da aurrez. Segurtasun neurri guztiak kontuan izango dituzte.
Barandiaranen oinatzetan: Aurreneko saioa larunbat honetan bertan izango da. Joxe Migel Barandiaran etnografo eta arkeologo ataundarraren bizipenak ezagutzeko ibilaldi gidatua izango da. Hari eskainitako museotik abiatuko da, 11:30ean, eta ordu eta erdiko buelta eginda, leku berean bukatuko da, 13:00etan. Bidean, errotatxoa eta zerrategia martxan ikusiko dituzte, besteak beste. Parte-hartzeko aurrez eman behar da izena, museora deitu edo idatzita, eta pertsonako 5 euro ordainduta.
Lizarrustiko paisaia ehundu duten zuhaitz magikoak: Bigarren irteerak Lizarrusti eta Alleku arteko basoak izango ditu gai. Haren inguruan bildutako sinismen eta leiendak, edota ikazkinek eta kontrabandistek erabilitako bideak ezagutuko dituzte ibiltariek. Bi saio egingo dituzte, bata igandean, hilak 7, eta bestea ekainaren 21ean. Irteera 11:00etan izango da, parketxetik, eta 13:00erako bukatuko dute. Helduek 4 euro ordaindu beharko dute, eta umeek 2 euro. Izena aurrez eman behar da, parketxera deituta edo idatzita.
Jentilen lurraldean iparraren bila: Hirugarren ekitaldia, mitologia eta orientazioa uztartzen dituen jolasa izango da. San Gregorio auzoan egingo dute, 11:30ean, museotik abiatuta. Familian “goiz pasa ederra” egiteko aukera eskaini nahi dute. Bi saio egingo dituzte, biak larunbatez; aurrenekoa hilaren 14an, eta bigarrena 20an. Pertsonako prezioa 3 eurokoa da, eta izena aurrez eman behar da, museora deituta edo idatzita.