«Senideei errepikatzen nien maskarak lehenbailehen janzteko»
Duela lau urte Hong Kong aukeratu zuen Saioa Barandiaran itsasondoarrak bikotearekin batera bizitzeko. 7,5 milioi biztanle dituen eremua da eta lau hildako baino ez dira egon.
Nolatan Hong Kongera?
Bartzelonan bi urtez bizi eta gero, bizitokiz aldatzeko gogoz, duela lau urte etorri nintzen nire bikotearekin. Berak, lehendik ere ezagutzen zuen Hong Kong. Oporretan izan zen eta asko gustatu zitzaion. Eta pentsatu genuen, zergatik ez? Urte baterako etorri eta hemen jarraitzen dugu.
Abentura bila?
Nire bikoteak errugbian jokatzen du. Zeelanda Berrikoa da eta Ampo Ordizian jokatu zuen urtebetez, horri esker ezagutu ginen. Esan daiteke, Hong Kongekin lotura errugbia izan dela, nolabait. Bestalde, ni irakaslea naiz. Esan ziguten irakaskuntzan lan egiteko toki ona dela. Gauzak horrela, erabakia hartu genuen.
Nolakoa da bizimodua horrelako hiri batean?
Oso desberdina! Hilabete edo kostatu zitzaidan egokitzea. Beste erritmo bat da, askoz ere azkarragoa. Kaleak jendez beteta daude beti. Hiri txikia da dituen 7,5 milioi biztanleentzat. Etxeak nahiko txikiak dira, apartamentuetan bizi gara. Hasieran, nahiko arraroa izan zen.
Itsasondok 600 inguru biztanle dituela kontuan hartuta…
Bai, aldaketa handi xamarra. Eskerrak, Hong Kongera etorri aurretik Bartzelonan bizi izan nintzela. Hiri batean bizitzea zer den ezagutzeko balio izan zidan. Dena den, hemengoa beste bizitza mota bat da.
Duen biztanle kopuruarentzat, koronabirusak eragin txikia izan duela esan daiteke. 4 hildako baino ez dira egon eta 1.094 kasu, datuen arabera. Nolako neurriak hartu dira?
Oker ez banago, urtarrilaren 23 inguruan atzeman zuten lehen kasua, hain juxtu, urte berri txinatarra ospatzen denean. Komunikabideen bidez jakin genuen. Txinatik ordu betera gaude trenez eta segituan hartu zituen neurriak gobernuak.
Adibidez, garbitasuna areagotzea. Dena den, lehendik ere, garbitasuna eta higienea asko-asko zaintzen zituzten. Maskarak erabiltzeko ohitura handia zegoen lehendik ere. Norbaitek gripea badu, segituan janzten du inork behartu gabe. Ondokoak ez kutsatzeko egiten dute. Hasiera batean arraroa egiten zitzaidan, baina denborarekin konturatu naiz, zentzua duela jokaera horrek. Kontuan izan populazio oso handia biltzen dela eremu txikian. Egunero-egunero jende askorekin gurutzatzen zara, beraz pentsa zenbat jende kutsa dezakezun.
Egoera normalean horrela jokatuta, Txinan birus bat hedatzen ari zela jakin zenean are gehiago. Hasiera-hasieratik jende guztiak maskarak jantzi zituen derrigorrezkoa izan gabe. Eskuak garbitzeko gelak ere beti gainean ditugu.
Lantegiak, dendak, tabernak… itxi dituzte?
Eskolak bai, berehala egin zuten gainera. Haur eskola batean egiten dut lan eta gertu-gertutik bizi izan dut. Orain, hasi dira pixkana-pixkana zabaltzen Bigarren Hezkuntzatik gorako ikasleak izan dira bueltatzen lehenak.
Enpresei dagokienez, etxetik lan egin ahal izan dutenek, etxetik jardun dute. Kalean ahal zen herritar gutxien ibiltzea bilatu dute. Eta egia esan, oso nabaria izan da kaleetan.
Aisialdi kontutan, gaueko tabernak eta diskotekak itxi zituzten. Gainontzekoak irekita egon dira, nahiz eta aforoa %50ean mantendu da; oraindik ere, aforo murriztuarekin ari dira lanean.
Dena den derrigorrezko konfinamendurik ez da izan hemen. Atzerritik iritsitakoek bai egin behar izan dutela berrogeialdia eta gainera, haien mugimenduak uneoro kontrolatu dituen pultsera bat eraman behar izan dute jantzita. GPS bidez kontrolatzen dituzte. Jatorrizko herrialdearen arabera, batzuk, Hong Kongera iritsi eta ezin izan dute zuzenean haien etxeetara joan. Gobernuaren eskumenean dauden apartamentuetan berrogeialdia bete behar izan dute. Berrogeialdia bete ondoren, testa egin eta negatibo ematen bazuten, orduan bai, bakoitza bere etxera.
Itsasondoko familia eta lagunekin hitz egingo zenuen bitarte honetan.
Hasieran ezin zuten sinetsi. Barre egiten zuten. Birusa Txinan geldituko zela eta Europara ez zela iritsiko uste genuen. Espainian lehen kasuak agertu zirenean, oso harrituta nengoen, gobernuak berandu hartu zituen neurriak. Senideei errepikatzen nien maskarak lehenbailehen janzteko, uste dudalako oso eraginkorra izan dela Hong Kongen birusa ez hedatzeko.
Hurrengo hilabeteetan bisitan etortzeko asmorik bazenuen?
Udako oporraldirako plana egina nuen, baina gauzak horrela, itxaron egin beharko dut.