CAFi presio egiteko eskatu die BDSk herritarrei, Jerusalemgo proiektua geldiarazi dezan
CAFek Jerusalemen egin nahi duen trenaren proiektua geldiarazteko eskatu du BDS mugimenduak. Bihar zortzi CAFeko akziondunek egingo duten batzarrari begira, mezuak bidali nahiz sare sozialetan argazkiak elkarbanatzeko deia egin dute.
BDS mugimenduak, CAFeko akziodunen batzar nagusiaren atarian, enpresa beasaindarraren zuzendaritzari «apartheid israeldarraren trenetik alde egiteko» eskatu dio. Horretarako, herritarrei
presio egiteko eskatu diete, «CAFek palestinarren giza eskubideen urraketetan eta Israelek egiten dituen nazioarteko zuzenbidean duen inplikazioa batzar orokorreko gai-zerrendan egon dadin».
CAFeko akziodunen batzar orokorra ekainaren 13an izango da, datorren larunbatean. Era berean, Israelgo gobernuak Zisjordaniako zati bat anexionatuko du uztailaren 1ean. BDS mugimenduak salatu du bi datak sinkronizatuta daudela, «Israelek okupatutako lurralde palestinarra anexionatzeko proiektuarekin jarraitu ahal izateko». Nazio Batuen Batzar Nagusiak Israeli bateratze proiektu guztiak «berehala eta erabat» gelditzeko eskatu zion, Jerusalemgo Tren Arinaren proiektua tartean. Israelgo gobernuak eskariari entzungor egin eta proiektuaren esleipena Shapir CAFen filialari eman zion.
Beasaingo eta Irungo lantegietako langile batzordeek publikoki eskatu zioten zuzendaritzari kontratua ezeztatzeko, CAFeko jokabide kodeak ekintza guztiak legezkoak eta giza eskubideak eta askatasun publikoa errespetatuko dituztenak izatera behartzen baitu.
Eskari zuzena
DBS mugimenduak gizarte zibila gehitzea eskatu du eta ekintzak iragarri dituzte ekainak 13ra arte. «Ez gara isilik egongo. Presiona dezagun CAF Jerusalemgo legez kanpoko tren arinean parte hartzeari uko egin diezaion». Sare sozialetan #CAFJaitsiZaitezIsraelenApartheidarenTrenetik traolarekin argazkiak elkarbanatzeko eskatu eta enpresako zuzendariei posta elektronikoz proiektua bertan behera uzteko eskatzeko deia egin dute. DBSren webgunean posta elektronikoz bidaltzeko testuaren txantiloia prest dago nahi duenarentzat. CAFeko bulegoetara deitzeko aldarria ere
egin dute, baina edukazioarekin: «gogoratu artatuko zaituen pertsonak ez duela erantzukizunik CAFen politikan. Edukazioz hitz egin eta mezua behar denari helarazteko eskatu», nabarmendu
dute.
Euskal Herriko 70 eragilek ere bat egin dute eskariarekin. Tartean daude alderdi politikoak, sindikatuak eta mugimendu ekologistak, feministak eta justizia sozialekoak. BDS mugimendua Israelek Palestina kolonizatzeko duen nazioarteko babesaren aurkako presio taldea da. Boikot kanpainak egiten dituzte horretarako, eta zigorrak eta desinbertsioak eskatzen dituzte. CAFi Israelgo gobernuaren diruari uko egin eta arauak betetzeko eskatzen diote.