«Ez gara Iparragirreren jaiotzaren urteurrena ospatu gabe geldituko»
Maialen Fidalgo (Urretxu, 1987) Iparragirre 2020 egitasmoko arduradun nagusia da. Urte amaiera bitartean egin behar ziren ekitaldiak datorren urtean egitea erabaki dute.
Ze ekitaldi egin dira orain arte?
Iparragirreren jaiotzaren 200. urteurreneko programa urtarrilean abiatu zen, Koldo Izagirrek idatzitako Bertsoaren harria liburuaren aurkezpenarekin. Aurretik, Gainzuri ikastetxeak Iparragirreri buruzko egutegia kaleratu zuen. Martxoaren 10ean lehen antzezlana aurkeztu behar genuen, Bilboko Loraldia elkartearen Iparragirre, bihotzeko Jose Mari, baina bezperan herrian koronabirus kasu bat atzeman zuten eta atzeratu egin behar izan genuen. Hurrengo egunean Bilbon aurkeztu zuten, aforoaren herenarekin.
Ekitaldiak atzeratu behar izatea gogorra izango zen.
Pena izan zen, martxoa oso beteta baitzetorren eta iraileko ekitaldiak antolatzeko bilerak hasiak baikenituen. Irailaren 5eko herri antzerkiak, adibidez, ikusmin handia piztu zuen. Aurkezpenean herritar askok parte hartu zuten.
Koronabirusa Iparragirreren jaiotzaren 200. urteurrenean azaltzea ere…
Hala da. Urteurrena 2020an da, baina dagoeneko bi urte daramatzagu lanean. Lehen aurkezpena 2018ko udan egin genuen eta ordurako lanean ari ginen. Pena da, baina ez gara Iparragirreren jaiotzaren 200. urteurrena ospatu gabe geldituko. Datorren urtean ospatuko dugu, posible bada.
Zer egin duzue alarma egoera ezarri zenetik gaurdaino?
Ekitaldi asko atzeratu egin ditugu. Datorren urtean egingo ditugu, posible bada. Izan ere, ez dugu aforoa mugatu nahi, ez dugu maskarekin, estresatuta, lasai mugitu ezinik… ibili nahi. Gure ustez, hobe da pixka bat gehiago itxarotea eta ekitaldiez behar den bezala gozatzea. Ekitaldiak egoera hau gainditu aurretik egiten baditugu, ezingo dugu merezi bezala gozatu. Ez du merezi urteurrena 2020an ospatzearekin tematzea. Gainera, Iparragirre abuztuaren 12an jaio zen. Beraz, urteurrena ospatzeko epea 2021eko abuztuaren 12an amaitzen dela esan dezakegu.
Iparragirre en la corte liburua dagoeneko kalean da. Aurkezpen ekitaldirik egingo al da?
Francisco de Paularen liburua aurkezteko ez dago inongo eragozpenik eta, beraz, aurkeztu egingo da. Liburuaren inguruan, Madrilen kultur astea egiteko asmoa genuen. Horretarako aukera ikusten badugu, datorren urtean egingo dugu.
Zer esan dizuete herritarrek honen guztiaren inguruan?
Egoerak onera egin ahala, eragileekin harremanetan jarri ginen. Herritarrek oso ondo ulertu dituzte hartutako erabakiak eta eskertzekoa da.
Aurreikusita ez zegoen ekitaldiren bat antolatu duzue. Iparragirreren inguruko lehiaketa, adibidez.
Herri Museoa egitasmoan herritarrei eta bisitariei QR kodeen bidez Iparragirre eta Urretxu ezagutzeko aukera ematen diegu. Erosotasunagatik egin genuen QR bidez. Egungo egoeran, primerakoa da. Izan ere, jendeari ezer ukitu gabe eta pilaketarik gabe istorio bat entzuteko aukera ematen diogu. Gainera, egitasmo horren inguruan aipatutako lehiaketa antolatu dugu. Horrela, Iparragirre 2020 egitasmoa bizirik mantentzea lortu dugu.
Zer diozu gainontzeko kultur ekitaldiei eta ospakizunei buruz?
Asteartean eragileekin bilera egin genuen, San Joan jaiei buruz hitz egiteko. Ez da surik egingo, noski, baina zerbait sinbolikoa egin nahi dugu. Dena den, beldur handia ematen du. Eguraldi ona egiten badu, jendeak Santa Barbaran bazkalduko du, baina guk ezin dugu herri bazkaria antolatu.
Gainontzeko erakundeekin harremanetan al zaudete?
Gainontzeko udalekin eta aldundiarekin ere bilerak egiten ari gara, festekin zer egin daitekeen pentsatzeko.
Zer gertatuko da Santa Anastasia jaiekin?
Iraileko Santa Anastasia jaien inguruko bilerak aurki hasiko ditugu. Nire ustez, bi plan prestatu beharko ditugu: koronabirusaren aurkako borrokan pausoak ematen baditugu zerbait antolatu beharko da eta borroka horretan atzera egiten badugu antolatzen dugun hori txikiagoa izan beharko da. Dena den, txertoa bihar bertan aurkezten ez badute behintzat, Gernikako Arbola plazako kontzertuak eta antzerakoak ez dira egingo. Gainera, jaien prestaketa uztailean hasten da. Uztailean kuadrillek karrozak egiteko aukerarik ez badute, irailean ez da karrozarik egongo.
Ez dira erabaki errazak.
Zalantza asko ditugu eta ziurgabetasuna handia da, baina dagoeneko martxan gaude eta hori ona da: museoa irekita dago, kultur etxea ere bai (txanda hartu behar da), txistulariak kalean ikusi ditugu… Herritarrek ekitaldiak antolatzeko eta ekitaldietan parte hartzeko gogoa dute eta hori eskertzekoa da.