Ikuskizuna eta segurtasuna, biak bermatuta
Konfinamenduko etenaldiaren ondoren, 'Circo Italiano'-k martxan ditu bere karpa eta ikuskizuna. Hilaren 14ra arte izango dira Beasaingo Bernedoenean. Segurtasun eta babes neurri askorekin egin dute estreinaldia.
Ia hiru hilabetez geldirik egon eta gero, Circo Italianok martxan ditu bere karpa eta ikuskizuna. Beasaingo Bernedoenea aparkalekuan egongo dira, hilaren 14ra arte. Guztira 14 emanaldi egingo dituzte, atzokoarekin hasita. Covid-19a dela eta, segurtasun eta babes neurri guztiak kontuan hartuta egin dituzte aurreneko saioak. Edukiera murriztuta, tarteak gordeta edota ikusleei tenperatura hartuta, ikuskizunak ahalik eta modurik seguruenean egin nahi dituzte.
Sarrerak ere, Internet bidez erosteko deia egin dute, leihatila parean jende ilarak ekiditeko. Sarrera arruntak 10 euro balio du; lehen bi ilaretakoak, berriz, 15 euro. Emanaldiak ostegunetan (19:00), ostiraletan (18:00 eta 20:15), larunbatetan (17:00 eta 19:30) eta igandetan (12:00 eta 18:00) izango dira.