Irailaren 7an «normal» hasiko da eskolan ikasturtea
Hezkuntza Sailak hiru eskenatoki aurreikusi ditu ikasturte berriari begira: ikasgeletara normaltasunez itzultzea; ikasleak txandaka joatea ikastetxera; eta ikasleak erabat etxetik ariko liratekeena.
Ikastetxeetan irailaren 7an hasiko dute 2020-2021 ikasturtea. Maila guztietan eta gela murrizketarik gabe ekingo diote. DBHkoek eta Batxilergokoek ordutegi jarraitua izango lukete, goizean. Garraio eta jangela zerbitzuak ere geldialdi aurretik bezala hasiko dira.
Hezkuntza Sailak hiru egoera aurreikusi ditu: «normaltasunekoa», ikasle guztiak aurrez aurreko klaseetara joan ahalko direna; ikastetxera ikasle batzuk bakarrik joango liratekeena, txandaka (jangela zerbitzurik ez); eta eskola presentzialik gabekoa, konfinamenduan bezala, etxetik ariko liratekeena. Azken kasu hori suertatuko balitz, 20.000 ordenagailu eramangarri erosiko dituela iragarri du.
Hezkuntza sisteman martxoaren 12an joan ziren haurrak azkeneko aldiz eskolara. Zenbait mailatakoak (batxilerrekoak eta DBH4) maiatzaren 28an hasi ziren itzultzen. Gainontzekoek, gehienek, etxetik bukatuko dute 2019-2020 urtea, ekainaren 19an.