"Nik Lazkaon, zuk zergatik ez?"
Lazkaoko Udalak eta merkatariek 'Nik Lazkaon, zuk zergatik ez?' kanpaina jarri dute martxan, herriko merkataritza sustatzeko. 2.000 erosketa bonu jarriko dituzte salgai eta 59 saltokik hartuko dute parte.
Koronabirusak herriko ekonomian izandako ondorioak arindu eta herriko merkataritza suspertzeko helburuarekin, Nik Lazkaon, zuk zergatik ez? kanpaina jarri dute martxan udalak eta merkatariek. Ekainaren 5etik uztailaren 18ra bitartean, 2.000 erosketa bonu jarriko dituzte martxan, eta herriko 59 saltokik parte hartuko dute. Hurbileko kontsumoa sustatzeko sentsibilizazio eta sustapen kanpainarako promozio bideoa ere aurkeztu du Lazkaoko Udalak.
Iñaki Estensorok, Ekonomia Jarduerako zinegotziak azaldu duenez, “herri ekonomiak Covid-19ak izandako eragina leuntzeko hainbat neurri” jasotzen dituen berraktibazio plana da udalak martxan jarri duena. Kanpainak 150.000 euroko eragin ekonomikoa izango duela aurreikusi du udalak.
Neurri horietako bat, erosketa bonuena da; 20 euroko prezioan 30 euroko erosketa egiteko balioko dute. Bonoak 5 euroko 6 kupoitan banatuko dira eta pertsona bakoitzak 10 bonu erosi ahal izango ditu gehienez. Erosketa egiterakoan, bonuaren zenbakia eta eroslearen NANa gordeko dituzte.
Bonu horiek Lazkaoko udaletxean egongo dira salgai, 9:00etatik 14:00etara. Ekainean zehar, astelehen goizero eta ostiral arratsaldetan ere erosi ahal izango dira, plazan horretarako prestatuko den postu batean.
Bestalde, gertuko kontsumoa sustatzeko sentsibilizazio kanpaina ere egin du udalak, eta bideo bat zabaldu dute sare sozialetan, “herritar guztiak herriko denda eta saltokietan erostera” gonbidatuz. Estensorok bideoa “oso hunkigarria” dela azaldu du, eta kanpaina honekin, “ilusioz eta baikortasunez betetako mezua” zabaldu nahi dutela.
Nik Lazkaon, zuk zergatik ez? #Lazkaoeskura
Publicada por Lazkaoko Udala en Viernes, 5 de junio de 2020