Etxealditik Euskaraldira egitasmoaren balorazio positiboa egin dute arduradunek
Aittu euskara taldeko arduradunek Etxealditik Euskaraldira egitasmoa "arrakastasua" izan dela aipatu dute. Azarorako prest egoteko bilerak berrartu dituzte
Aittu euskara taldeak Etxetik Euskaraldira ekimenaren balorazio positiboa egin du. “Arrakastatsua” izan dela ebatzi dute. Galdetegia erantzun dutenen artean gehiengo zabal batek uste du euskarari ikusgarritasuna eman zaiola ekimenari esker eta bataz besteko nota 8,2koa izan da.
Aurtengo udazkeneko Euskaraldia antolatzeko bilerak hasi dira berriz ere. Euskaraldiaren bigarren edizioa azaroan 20tik abenduaren 4ra izango da eta berritasun nagusia ariguneak dira. Euskaraz eroso aritzeko espazioak dira Ariguneak, zeinetan kide guztiek edo gehienek hartzen duten elkarren artean euskaraz aritzeko konpromisoa. Beasaingo Euskaraldian ariguneei “Aittugune” esango zaie, kontzeptu hori herriko euskarara ekarri asmoz.
Aittuguneak, esaterako, kirol eta hezkuntza taldeak izan daitezke. Aittu euskara taldeak aurreratu du jada lehen topaketak egin dituztela herriko elkarte batzuekin Euskaraldia ahalik eta eraginkorrena izateko. Aittugune izan nahi duten taldeak harremanetan jar daitezke 688 76 86 09 telefonora deituta.