«Hozkailu ia dena hustu dugula esan dezakegu, erostun bat lortuta»
Aralarko Txutxueta txabolatik erantzun ditu galderak Keles Mendigurenek. Jose Manuel Otegi bikotearekin eta semearekin dago han maiatz hasieratik, eta Mendiko Gazta egiten arituko dira ekainaren azken aldera arte. Egoera bideratzea lortu dutela dio, neurri batean behintzat.
Gaur egun bi bazkidek osatzen dute Ordiziako Gaztandegia. Zer moduz joan da gazta denboraldia?
Orain 30 urte inguru sortu zen, eta egundoko artzain piloa ibiltzen ziren, eta badakizu, jende asko dagoen tokian… Azkenean gelditu ziren bi, eta langile bat han fijo. Orain bi artzainekin ez du ematen soldata baterako, eta nik egiten ditut gaztak, baina bienak, bai Joxe Manuel Otegirenak (bikotea du) eta Gerardo Garmendia ‘Mozo’-renak.
Zer martxa dabilkizue kooperatiban?
Guk parte bat esnezaleari ematen diogu, gazta han edukitzea baino hobea da. Jendeak esaten du esnezaleak gutxi pagatzen duela, baina pagatzen ez duena da gaztak egin eta hozkailuan edukitzea.
Zer moduz joan da gainontzean aurtengo ekoizpena?
Sagardotegietara saltzen dugu zati bat. Aurreneko eramanaldia egin genuen, eta gero sortu zen krisi hau, eta kito, hor geratu zen dena. Hala ere, erostun bat lortu dugu, eta dena bistatik kentzea lortu dugu. Esan dezakegu hozkailua ia hustu dugula. Gu ilbeltzaren erdiaren hasi ginen gazta egiten, eta horretan aritu gara apirilaren azkenera arte.
Orain Mendiko Gaztarekin aritu zarete ezta?
Ekainaren azken aldera arte aritu gara gazta egiten mendian, Aralarko Txutxuetan. Mendiko gaztak besteak baino irteera hobea dauka gure kasuan, guk badauzkagu bezero batzuk mendi gazta bakarrik eramaten dutenak. Baina hemen ia bakoitzak bere markarekin merkaturatzen du, ez da kooperatibaren barrukoa. Guk, ordea, ez daukagu txabolaraino biderik, eta ahal den moduan ibiltzen gara. Gazta ontzeko hozkailuak-eta ez daude baldintza onenetan jarrita, baina Idiazabal Jatorri Izendapenak eskatzen duen arauak betez ari gara, baina ez behean bezala. Bero handiarekin goian ezin dira eduki. Idiazabalek dastaketak egiten dituenean behekoen baldintza berberak eskatzen dizkigute. Gaztak behera eraman beharra daude, eta guk ez daukagu pistarik, eta bizkarrean ezin ditugu eraman gaztak.
· Helbidea: Ordizia Gaztandegia
· Telefonoa: 689 048 655