Usurbe antzokiak asteburuan zabalduko ditu ateak
Ostiraletik aurrera hasiko dira Usurbe antzokian zinema emanaldiak eskaintzen. Gainontzeko kultur ekitaldiak normaltasunez egiteko denbora beharko dela diote.
Hiru hilabeteko etenaren ondoren, Usurbe antzokiak bere ateak zabalduko ditu, berriz ere. Ostiralean izango da irekiera, eta zinema emanaldiekin hasiko dira, momentuz. Antzokiko arduradunen arabera, “musikaz, antzerkiaz edo dantzaz gozatzeko denbora beharko dugu oraindik”. Datozen egunetan iragarriko dituzte kartelerako filmeen izenak.
Kulturak konfinamendu garaian izan duen garrantzia azpimarratu dute antzokiko arduradunek. “Liburuak, musika, filmak… Kulturak babestu gaitu gure konfinamenduaren egunik gogorrenetan. Gehien sufritu duten pertsonez oroitu nahi dugu hemendik, guztiei gure errekonozimendua emanez”. Konfinamendua arintzeko 3. fase honetan, “kulturak gure babesa” behar duela gogorarazi dute, eta zinemaz gozatzeko deia egin diete herritarrei.