Eskubide Sozialen Kartak mobilizazioak deitu ditu ostiralerako
'Publikoa, funtsezkoa zaindu aberastasuna banatuz' lemapean, Ordizian eta Urretxu-Zumarragan elkarretaratzeak deitu dituzte ostiral arratsalderako. "Eredu sozio-ekonomiko berria" sortu eta osasun eta zerbitzu publikoak indartu behar direla aldarirkatuko dute.
Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak mobilizazioak deitu ditu ostiral honetarako, tartean, baita Goierrin ere. Euskal Herri mailako deialdia da; ostiral goizean hiriburuetan bilduko dira, eta arratsaldean, herrietan. Publikoa, funtsezkoa zaindu aberastasuna banatuz lemapean, bilkura bana egingo dute, Ordizian eta Urretxu-Zumarragan.
Krisiak aldaketa garaiak direla dio Eskubide Sozialen Kartak, eta horregatik, “osasun krisi bati aurre egiteko gai izan ez den jendarte antolaketa” atzean utzi nahi dutela. “Bizitzak sostengatzeko gure burua gobernatu nahi dugu, erabakiak hemen hartu, gehiengoen araberako politikak egiteko”. Horretarako, behar dela aldarrikatu dute, eta horrek, “erabateko norabide aldaketa” eskatzen duela.
Eskubide sozialak eta gizarte demokratikoago bat aldarrikatzen dituzte, “guztionak diren bitartekoak guztion eskura jarriz eta guztiok gure ekarpena” eginez. Lana berrantolatzeko beharra ere ikusten dute, langileei baldintza duinak bermatuz, produzitzen dena berraztertuz eta ekarpen soziala lehenetsiz. Lana banatu eta kalitatezko enplegua sortu, “lan egiteko bizi baino, bizitzeko lan egin” behar dela uste baitute. Babes sozialerako sistema, osasun eta zerbitzu publikoak indartu behar direla uste dute, “herritarrak babesteko sistema eraginkor, indartsu eta propioa” garatuz eta “egoera zaurgarrienean dauden kolektiboen bizi-beharrak” asetzea helburu hartuta. Azkenik, “sistema kapitalistak sortu duen krisia” eta haren ondorioak “kapitalak ordaindu” behar dituela aldarrikatu dute.
Marrazten duten eredu grisaren aurrean, “koloretako etorkizuna” irudikatzen du Eskubide Sozialen Kartak, eta horren alde kalean mobilizatzeko deia egin dute. Hauek dira ostiralerako Goierrin deitu dituzten mobilizazioak:
- Ordizia: 18:30ean, udaletxe parean.
- Urretxu-Zumarraga: 18:30ean, Areizaga-Kalebarren plazan.