Goierrin koronabirus kasu bat atzeman dute ia hilabeteren ondoren
Ordizian agertu da azken kasua, herenegun. Osasun Sailak herenegun baieztatu zuen kasua eta jada 317 positibo atzeman dira eskualde osoan. Atzo ez zuten kasu gehiagoren berri eman
Ordizian koronabirus kasu berri bat atzeman dute asteburuan, PCR proban. Goierri osoan positiborik baieztatu gabe 28 egun igaro ostean bolada ona eten zuen datuak baina Osasun Sailak beste gaixorik ez dutela topatu zehaztu zuen atzokoan egunero eskaintzen duten osasun txostenean. Iñigo Urkullu lehendakariak lasaitasun mezua helarazi du esanez aurreikuspenen barnean sartzen direla han hemenkako positibo berriak eta fokuak kontrolatuta daudela. Bere ustez azken egunetako datuak onak dira baina «iritzi publikoak errealitatea distortsionatzen du». Nekane Murga Osasun Sailburuak pasa den astean onartu zuen «joera aldaketa» izaten ari dela Euskal Autonomi Erkidegoan. Baikor agertu zen normaltasun berrirako bidean.
Goierrin 317 kasu baieztatu dira gaixotasuna hedatu denetik. Halere, kasu aktiboak gutxiengoak dira. Zumarragako ospitalean, esaterako, ez dago koronabirusak jotako ospitaleraturik. Zumarraga izan da herririk kolpatuena, 79 kasu baieztatu baitira herrian. Azkena maiatzaren 11n. Ordizian, asteburuko positiboarekin, 78 dira koronabirusak erasandakoak. Gabiria, Gaintza eta Zerain txanponaren bestalde dira, ez baita kasu bakar bat ere baieztatu.
48 lagun hil dira
Mutiloa da 100.000 biztanleko tasa altuena duen herria. 250 biztanle izanik eta hiru positibo baieztatu direnez, 1.200 gaixo estrapolatzen dira. Goierrik 452,78 gaixo ditu 100.000 biztanleko eta Euskal Herriak 955,15.
48 goierritar hil dira koronabirusarekin Osasun Sailaren arabera ekainaren 8ra arteko datuei erreparatuz gero. Hau da, Goierrin birusaren hilkortasun tasa %15ekoa da, Euskal Herriko tasaren bikoitza. Alta, eskualdeko hamar gaixoetatik zortzi osatu egin dira.
Goierrin hildako hamar lagunetatik zortzi ordiziarrak eta zumarragarrak ziren. Denera, zazpi herritan zenbatu dira hildakoak: Beasainen (6), Legazpin (1), Legorretan (1), Ordizian (23), Urretxun (1), Zaldibian (1) eta Zumarragan (15).