Musika itzuli da kaleetara
Hegialdeko jaien ordezko ekitaldietan herriko musika taldeen jarduna izan da nagusi. Txistulariek eta dultzaineroek larunbat goiza alaitu zuten. Bandakoek, igandea
Ohiko festak ezin izan dira ospatu asteburuan Legazpiko Hegialde auzoan, baina antolatzaileek keinu bat egin nahi izan die auzotarrei eta gainerako herritarrei, eta hainbat ekitaldi antolatu dituzte igaro berri diren egun horietarako. Egitarau alternatibo horretan musikak leku esanguratsua izan du, eta, besteak beste, herriko musika bandari kaleko jardunera itzultzeko aukera eman dio.
Legazpi Musika Bandak, Jesus Castillejo aurrean zuela, auzoko txokoak girotu zituen igande goizean; bandaren lehen emanaldia zen, alarma egoera ezarri zenetik. Banda erdia atera zen Hegialden, «musikari gehienak auzokoak dira», zioen Castillejok kalejira hasi aurretik. Beste erdiak «kalean» jo zuen ondoren, herriko erdigunea «alaitzeko». Bandako kideak elkartzeko eta herritarren aurrean jotzeko gogoz zeuden, «lana telematikoki egin dugu, musikariek grabatu egiten zuten, nik zuzendu… Partiturak ikasten ibili gara, baina entsegurik ez dugu egin, eta gaurkoa izango da lehen saioa, horregatik gaude urduri». Hitz horiek esan, musikariak hiruko ilaretan antolatu eta abiatu egin ziren, bidean musika barreiatuz eta trukean txalo ugari jasoz. Ibilbidearen azken emanaldia Laubideko kale nagusian egin zuten, han bildu zen jende apurraren aurrean. Erdiguneko kalejira ere estimatua izan zen herritarren aldetik.
Musika gehiago
Antzeko estimuarekin jaso zituzten aurreko egunean Hegialdekoek Goiz Deia txistulari bandako kideak eta Doinua Musika Eskolako dultzaineroak. Baita asteburuan bi aldiz atera den musika-kamioia ere.
Festarik ez da izan, baina musikari esker, Hegialden alaitasunez igaro dituzte egun hauek.