«Denok dugu festarako gogoa, baina zentzuz jokatu beharrean gaude»
Bihar hasi eta hilaren 25era arte ospatu behar ziren San Joan jaiak bertan behera geratu dira Seguran. Iosune Arrondo teknikariak azaldu duenez, ekitaldi sinbolikoak antolatu dituzte ohiko egitarauaren ordez eta kalean ez da ezer egingo.
Egun hauetan ziren hastekoak San Joan jaiak.
Bihar, pregoiarekin eta mozorro gauarekin. Larunbatean kuadrillen eguna, igandean umeen eguna… eta betiko egunak zetozen gero, San Joan bezperako sua, akelarrea eta dantzariak, San Joan eguna hilaren 24an eta San Joan bigarrena 25ean.
Urteroko festak.
Hala izango ziren, bai. Otsailean hasi ginen antolatzen, urtero bezala. Festetakoa batzorde irekia denez, norbanakoak eta elkarteak bildu eta hasi ginen antolaketa lanekin, egunak erabakitzen, pregoilaria nor izango zen, elkarte bakoitza zertaz arduratuko zen… Hori guztia lantzeaz gain, musika taldeak eta txarangak ere kontratatuta genituen.
Baina dena bertan behera uztea erabaki behar izan duzue.
Martxotik hona buru-belarri ibili gara udaletxean, egunetik egunera aldaketak zetozen eta. Festetako batzordea bildu ginen, udal agintariak ere bai eta azkenik, duela bi-hiru aste bilera bat egin genuen Gipuzkoako kultur teknikariok foru aldundiarekin, festen gaia aztertzeko. Denok zalantzekin ibili gara, festak bai ala ez, eta antolatuz gero nolakoak izango liratekeen…
Argi genuen neurri batzuk hartu beharko zirela, besteak beste distantzia gordetzea eta jende multzoak ekiditea. Baina gure festak, betiko festak, justu kontrakoa dira. Orduan, batzordean eta udaletxean, garbi geratu zen guk ezin genituela jaiak antolatu, herri bezala ezin dugulako bermatu herritarren segurtasuna. Beraz, aurten ez dira ospatuko Segurako San Joanak.
Horien ordez, festa sinbolikoak antolatu dituzue.
Oso sinbolikoak. San Joan suaren eta akelarrearen irudi batzuekin egindako bideoa jarriko dugu ikusgai sare sozialetan eta Goierri Telebistan ekainaren 23ko 22:00etan emitituko dute. Festen inguruko argazkiak jasotzeko deialdia ere egin dugu udaletxetik, beste bideo bat egiteko eta San Joan jaiak oroitzeko. Web orrian zintzilikatuko dugu eta Goierri Telebistan emititzen joango dira.
Antzerkia ere izango da.
Segurako umorezko antzerki taldeak urtero eskaintzen digu lan bat eta aurten ere gogotsu dator. Esketx batzuk sortu dituzte eta WhatsApp bidez zabalduko dituzte herritarren artean hilaren 19, 20, 21, 24 eta 25ean. Goierri Telebistak ere emango ditu egun horietan, 21:00etan.
Kalean ez da ezer egingo?
Ez. Ekitaldi guztiak bertan behera geratu dira, baina agian San Joan egunean txistulariek kalejira egingo dute goizean goiz.
Herritarren aldetik nolako erantzuna espero duzue?
Udalak jaiak bertan behera utzi ditu, eta ez dira sanjoanak izango. Baina egia da herritar batzuk bazkariak-eta egiteko asmoa dutela, tabernak ere irekita daude… Denok daukagu festetarako gogoa, guretzako ere oso gogorra izan da sanjoanak ez antolatzea. Dena dela, nik uste dut zentzudunak izango garela danok, eta kalera irtenda ere, zentzuz jokatuko dugula. Kanpotik ere jenderik ez etortzea espero dugu.
Festak alde batera utzita, nola dator uda kulturaren aldetik?
Herrian ditugun baliabideak aztertu eta bete beharreko neurriak kontuan hartuta egin ditzakegun ekitaldiak aztertzen hasita gaude. Esate baterako, aire librean zine emanaldiren bat egitea, edo herriko artista edo musikariren batekin saioren bat antolatzea. Bertakoentzako saio oso lokalak izango dira eta adin guztientzat.
Turismoa nola ikusten duzue?
Barne turismoa sustatzen ari dira gobernutik eta prestatuta gaude horrelako bisitariak hartzeko. Ardixarra etxean, segurtasun neurriak ezarri ditugu eta oraintxe berritu dugun Erdi Aroko interpretazio zentroan, dagoeneko jendea dabil. Alde horretatik, baikorrak gara.
Eta udazkenari begira?
Ezustekorik ez bada, irailean ikastaroak martxan jarriko ditugu eta urrirako Euskal Herriko Dantza Txapelketa eta Dantza Eguna antolatzen hasita gaude.