Arcelor Mittalen lan itun berriaren aurreakordioa gutxiengoan onartu dute
Zuzendaritzak lan hitzarmen berriaren aurreakordioa sinatu du ELA eta UGT sindikatuekin. LABek «gutxiengoan» sinatu dela jakinarazi du, eta negoziatzen jarraitzeko deia egin du
Olaberriko Arcelor Mittal enpresako lan hitzarmen berriaren aurreakordioa sinatu dute, zuzendaritzaren eta ELA eta UGT sindikatuen artean. LABek, bere aldetik, «gutxiengoan» sinatu dela jakinarazi du, eta negoziatzen jarraitzeko deia egin du.
LABek atera duen agiriak dioenez, langileen ordezkarien batzordearen gutxiengoarekin sinatutako aurreakordioak ez die erantzunik ematen langileen eskakizun nagusiei. Negoziaketa bera zuzendaritzak baldintzatu egin duela salatu du, gainera. ABEEE Aldi Baterako Enplegu Erregulazio Espedientea ezarri diete Olaberriko lantegiko langile guztiei.
ABEEEa negoziazioaren erdian ezartzea «harrigarri» jo du LABek, «Olaberrian inoiz aplikatu ez denean. Orain ere ez dago arrazoirik aplikatzeko, eta konfinamenduaren asteetan lan egitera behartu gaituzte».
Asanblada egiterik ez
Hitzarmen «duina» izateko eskubidea dutela aldarrikatu du aurreakordioaren aurka agertu den LABek. Sindikatu sinatzaileek «edukiz hustu» dutela deitoratu du. Langileen asanblada egitea galarazi izana ere salatu du, sinadurak bilduta gehienak egitearen alde zeudela ziurtatuta. Osasun arrazoiak argudiatu izana ez du ontzat jo, «Osalanek emandako beraien aldeko ez ziren gomendioak ezkutatuz.