Biziraupenari idatzitako poesia, Zubeldiaren uzta
Koldo Zubeldia idazle zaldibiarrak 'Bederatzigarrena bederatzi' liburua argitaratu du, orain arteko olerki bildumari 15 lan berri erantsita. Denera, 320 poesiako antologia osatu du. «Etsi gabe, eutsi» da mezua.
Ez dut itxaropenik galdu behar. Ez du egoera honek merezi nere nortasuna amiltzerik. Ez du merezi itotzerik. Lasai-lasai ibiliko naiz hemendik aurrera». Hala dio Koldo Zubeldiaren olerki batek, eta, mantso baina etenik gabe, beste poesia-liburu bat argitaratu du. Bederatzigarrena bederatzi jarri dio izenburua, kopuru horixe baitauka liburutan papereratua bere apalategian.
Autoedizioaren bidetik atera du azkeneko titulua ere. Orain arteko mardulena bada lodian: 338 orrialde. Salmenta eskuz esku gauzatuko du, 15 euroan. Iñaki Bastarrikak egin du azala.
Antologia erakoa da Bederatzigarrena bederatzi, bigarrena, bere sormen errotako bilduma osoena. Denera 320 olerki jaso ditu, gehienak aurreko liburuetan ere ateratakoak. «Hamabost poesia dira azkeneko bi urteetan egindakoak. Liburu honetan tartekatuta jarri ditut. 2009an 103 poesia nituen idatzita, 2013an 174, eta orain 320. Denak liburu honetan hor daude».
Biziraupenari egiten zaion gorazarrea da, azken batean, liburu berria. Osasun arazoak gora-behera, gainditutzat jo ditu idazleak. «Nire egitasmoak etsi gabe eutsiz bete beharko ditut. Hori da mezua», dio Zubeldiak.
Etsipenik gabe, kuraiaz
Etorkizunari «kuraiaz» heldu nahi dio, 64 urteko mailatik. «Orainaldiari eutsi egin behar zaio, batzuengan joera etsitzea izan den arren. Gainera, kuraiak lagunduta, bete egin behar dira norbere asmoak, etsi gabe. Drama guztietatik, jarrera eraikitzailea izaten ikasi behar da».