Haurrek izango dute zer egin udan Goierriko herri gehienetan
Aldaketekin eta segurtasun neurri ugari hartuta, hainbat herritan udaleku irekiak egingo dituzte datorren astetik aurrera. Talde txikietan elkartuko dituzte haurrak, eta aire libreko aktibitateak izango dira nagusi.
Taldekideen kopurua murriztuta, garbitasun eta higiene neurri zorrotzak aurreikusita eta hainbat kasutan familien kontziliazioa kontuan hartuta, aurten ere antolatu dituzte uda ikastaroak edo udaleku irekiak uztailerako Goierriko herri askotan. Koronabirusak eragindako testuinguruagatik orain dela aste gutxira arte horretarako aukerarik ez zela izango bazirudien arren, egoerak onera egin du eta baldintzak malgutu egin dira.
Asteartean argitaratu zuen Euskadiko Aldizkari Ofizialak aisialdi ekitaldi horiek arautuz Eusko Jaurlaritzak onartutako agindua. Jasotako baldintzen artean, nabarmenenak partaideen kopuruari dagozkionak dira. Txanda bakoitzeko gehienez 200 lagun izan behar dira, eta taldeko 15 lagun, begiraleak barne.
Baldintza horiek kontuan hartuta urteroko ekintza arrakastatsu horiekin aurrera egitea erabaki duten Goierriko udalerriak Beasain, Ezkio, Gabiria, Idiazabal, Itsaso, Lazkao, Legazpi, Olaberria, Ordizia, Segura, Zegama eta Urretxu-Zumarraga dira, bakoitzak bere arauak eta baldintzak ezarrita. Atzera egin dute, aldiz, Zaldibiak, Ormaiztegik, Legorretak, Ataunek, Itsasondok, Aramak eta Altzagak.
Beasainen, 284 haur
Beasainen astelehenean bertan hasiko dira aurtengo udaleku irekiak, udalak, ikastetxeetako guraso elkarteek eta Txilibutxof aisialdi elkarteak elkarlanean antolatuta. Euskara eta aisialdia uztartzeko helburua dute, urteroko moduan, baina aurten familien kontziliazioari arreta berezia jarriko diote. Gainera, Txilibutxof-i parte hartzeko aukera emanez, bultzada eman nahi diote aisialdi talde horri.
Ekainaren 22an hasi eta uztailaren 31ra arte, bi asteko iraupena izango duten hiru txanda egingo dira. Jarduna astelehenetik ostiralera izango da, 09:00etatik 13:00etara, eta Lizeoko eta Murumendi ikastetxeko instalazioez gain, Txilibutxof taldeari udalak berriki utzi dion Urbietako lokala ere erabiliko dira. Hala ere, eguraldiak laguntzen duen guztietan, ekintzak kanpoan egingo dituzte. Guztira, 3-12 urte bitarteko 284 haur igaroko dira hiru txanda horietatik, 10 laguneko taldeetan, eta horien jolasak eta aisialdi ekintzak gidatzen eta segurtasun eta higiene neurri guztiak betetzen direla bermatzen 20tik gora begirale ibiliko dira lanean.
Egutegi eta ordutegi berberarekin ere futbol campusa egingo du Beasain kirol elkarteak Loinatz eta Igartza zelaietan. Bertan behera geratu dira kiroldegiaren udako eskaintza eta BKL saskibaloi taldearen campusa.
Udalak udaleku itxiak ere antolatu ditu, aurten Bizkaiko Otxandion izango dira, uztailaren 20tik 29ra bitartean. Izena emateko epea irekita dago.
Kontziliazioari begira
Zumarragan eta Urretxun, berriz, udaleku irekiak baino zaintza zerbitzua da herritarrei eskaini dietena. Osasun larrialdi egoera honetan lana eta seme-alaben zaintza uztartzeko zailtasunak dituztenei zuzendutako zerbitzua da. Uztailaren 6tik 24ra bitartean emango da, 10:00etatik 13:00etara, Juan de Lizarazu eta Labeaga aretoetan, Lizeoko gimnasioan, Gainzuri ikastetxean, Euskadi plazan eta La Salle ikastetxean; ahal den guztietan aire librean egingo dituzte ekintzak. Gehienez 136 plaza daude, eta 2009 eta 2014 urte artean jaiotakoek parte hartu dezakete. Izena emateko epea irekita dago ekainaren 23ra arte.
Aisialdi asteak
Legazpin ere moldatu egin behar izan dute udaleku irekien izaera, eta urtero izaten duen eskaera altuari erantzuteko eta denei aukera emateko, aste beteko iraupena duten hiru aisialdi programa antolatu ditu udalak Aisialdia (ere) euskaraz! izenarekin. Uztailaren 6tik 10era, 2013an jaiotakoak ibiliko dira; 12tik 17ra artean 2012koak; eta 20tik 24ra, 2010ekoak eta 2011koak. Talde bakoitzean gehienez 12 haur izango dira, eta bi begirale.
Izena hilaren 21era arte eman daiteke labur.eus/aisialdiastea webgunean.
Udarako eskaintza
BEASAIN
Udalak, Txilibutxof eta guraso elkarteak antolatuta. HH-ko 3, 4 eta 5 urte eta LH 1-6 mailakoentzat. Hiru txanda, ekainaren 22tik uztailak 31ra. 09:00-13:00.
Futbol teknifikazio kanpusa. Beasain kirol elkarteak antolatuta, Igartza eta Loinatz zelaietan. Hiru txanda, ekainaren22tik uztailak 31ra. 09:00-13:00. Izena, Xerbera tabernan.EZKIO
Ekainaren 30etik aurrera. Baldintzak zehazteke.
GABIRIA
Uztailaren 6tik 30era. 2006-2017 artean jaiotakoak, 10:00etatik 12:30era. Izen-ematea ekainaren 24ra arte.
IDIAZABAL
Ekainaren 24tik uztailaren 24ra. 2008 eta 2017 urte artean jaiotakoak. 09:30etik 12:30era.
ITSASO
Ekainaren 29tik uztailaren 17ra. Baldintzak zehazteke.
LAZKAO
Ludoteka. Ekainaren 29tik uztailaren 24ra.HH3-LH6. Bi ordutegi: 09:00-13:00 edo 10:00-13:00. Izena, ekainaren 21era arte.
Kirol eta kultura ikastaroak. Kirol eskaintza 12 urte arte, kulturakoa 6-18 urte. Izena 21erako.LEGAZPI
Aisialdi asteak. Uztailaren 6- 24, hiru aste, 09:30-12:30era. 2010-2013 artean jaiotakoak. Izena, ekainaren 21era arte.
OLABERRIA
Ekainaren 29tik uztailaren 24ra. 3-11 urte bitartekoak. 10:00etatik 13:00etara.
ORDIZIA
Uztailak 6-24. 2009 eta 2015 artean jaiotakoak. 10:00-13:00.
SEGURA
Uztailaren 1etik 24ra. 2 urtetik 5. mailaraino. 10:00-13:00.
ZEGAMA
Uztailak 6-30. 2009-2016 bitartean jaiotakoak. 10-00-13-00.
URRETXU-ZUMARRAGA
Haurren udako zaintza. Uztailaren 6tik 24ra, 10:00-13:00. 2009-2014 artean jaiotakoak. Izena, ekainaren 23ra arte.