Ormaiztegiko eta Idiazabalgo igerilekuak hurrengo ostiralean irekiko dituzte, ekainaren 26an
Idiazabalen igerileku ondoan dagoen skate parka ere zabalduko dute etzanda egoteko. Erroldatuak ez diren erabiltzaileen kopurua %10era murriztuko dute Ormaiztegin.
Ekainaren 26an irekiko duituzte berriro Igarondo Idiazabalgo igerilekua eta Ormaiztegiko igerilekua higiene eta segurtasun neurriak hartuta. Idiazabalen aurten skate parkeko zelaia gehituko zaio igerilekuko eremuari etzanda egoteko, eta eremu guztian gehienez 280 lagun sartuko dira. Igerilekura sartzeko sarrera eta irteera bana egongo da, eta bainua gehienez 20 minutukoa izango da. Aldagelak ere irekiko dituzte, gehienez 3 pertsonarekin, eta komunetan garbiketa areagotuko dute.
Abonuak online edo liburutegian eskura daitezke, eta ekainaren 25a baino lehen erregistratzen denak %5eko hobaria izango du. Izena ematean bakoitzari letra bat emango zaio jende gehiegi dagoenerako; igerilekuan eta webgunean egutegi bat jarriko dute letra horiekin egoera kudeatzeko. Herritarrek abonuak ahal bezain azkar egin ditzaten gomendatu dute.
Bestalde, Ormaiztegin, igerilekura sartzeko sarreran ordainketa telematikoari emango zaio lehentasuna. Irteera eta sarrera ere seinaleztatuko dituzte eta eremua hesituko dute; 9 metro karratuko partzelak jarriko dituzte 5-6 pertsonako taldeentzat. Igerileku ertzean ezingo da eserita egon, eta gehienez 35 pertsona sartuko dira. Edukiera gaindituz gero 20 minutuko txandak ezarriko dituzte.Herrian erroldatuta ez dauden erabiltzaileen kopurua %10era murriztuko dute.
Aldageletako bankuetan puntu berdez adieraziko dituzte erabilgarri dauden tokiak distantzia bermatze aldera, eta puntu gorriz libre utzi beharrekoak. Dutxen %50 soilik irekiko dute.