Azoka gertutik ezagutu nahi duenak badu aukera
Koronabirusaren udarako turismo kanpaina prest du Ordiziako D'elikatuz zentroak. Azokaren inguruko bisita gidatua izango da eskaintzetako bat, eta uztailetik aurrera egongo da eskuragarri.
Goierriko beste museo, interpretazio zentro eta baliabide turistiko asko bezala, Ordiziako D’elikatuz zentroak ere ekainarekin batera ireki zituen ateak, alarma egoeraren ondorioz bisitarientzako bi hilabete eta erdiz itxita egon ondoren. Aste gutxiren bueltan, aurtengo uda bereziari begirako kanpaina prestatuta dute bertan. Kanpaina horretan toki nabarmena betetzen du herriko azoka ardatz duen bisita gidatuak.
Atzo, azoka eguna zela baliatuz, bisita gidatu hori egin eta aurkeztu zuten, udaleko ordezkarien, Goitur eta Goimen erakundeetako teknikarien, komunikabideen eta herriko merkatarien ordezkaritza baten aurrean. Ordiziara iristen diren bisitarientzako uztailetik aurrera egongo da eskuragarri.
Azokaren historia hizpide
Ordu eta laurdeneko iraupena du D’elikatuz zentroak eskaintzen duen bisita gidatuak, eta azokaren epizentroa den Plaza Nagusiaz gain, feriarekin zerikusia duten beste gune batzuk ere erakusten ditu. D’elikatuz bertatik hasita, Mariane eskultura eta Oilokale, udaletxeko arkupeak eta Goizene eskultura, Goen eta Garagartza plazak, Plaza Nagusia bera, Astokale, Peru eskultura eta Sindikatua dira ibilbidean zehar geldiuneak egiteko aukeratutako tokiak, eta bakoitzean azokaren historiari buruzko azalpenak dira nagusi.
Geltokiak duen garrantzia, abereen salmenta eta baskula, emakumeen papera, sagarra eta sagardoa, plazaren estalkia, artzainak eta gazta, baserritarrak… ugariak dira erreferentziak. Azoka bera barrutik bizitzeko aukera ere ematen du bisitak, Plaza Nagusiko sartu-irtena baliatuz, bertan saltzen duten ekoizleak edo baserritarrak ezagutu eta haiekin zuzenean hitz egin ahal izango da eta.
Baina alderdi historiko eta dibulgatzaileaz gain, bisita gidatu horrek badu beste helburu bat, bisitariak erosle bihurtzea, hain zuzen. Hori dela eta, ibilaldian zehar denbora librea ere emango zaie bisitariei, erosketak egin ditzaten, bai ferialekuan bertan bai Sindikatoan. Eskaintza faltarik ez dute izango.
Gastronomiari keinua ere egingo dio bisitak, tabernetan dastatzeko pintxo eta edaria ere eskainiko dituelako; pintxoa, azokan saltzen diren produktuekin egindakoa izango da.
Uztailetik aurrera
Atzoko bisita gidatua proba moduan egin zen, eta orain azken ukituak besterik ez zaizkio falta uztailetik aurrera bisitariei eskaintzeko. Erreserbak egin daitezke dagoeneko; abuzturako hartuta daude plaza batzuk.
Aipatu behar da, bestalde, koronabirusaren uda izango dela aurtengoa, eta neurri bereziak hartzea ezinbestekoa izango dela. Ordiziako azokaren inguruko bisita gidatu honetan neurri horiek ondo zaintzen dituzte, eta toki itxietara sartzekotan eskuak garbitu behar diren bezala, kanpoan maskara janztea derrigorrezkoa izango da, segurtasun tarteak gorde ezin direnean.













