Ikatza argazkilari elkarteak lau ikus-entzunezko eskainiko ditu uztailean
Ostiral gauetan emango ditu, Azokan, aurreko urteetako Uztakale kultura programazioan bezala. Konfinamendu garaian ateratako argazkiekin osatu dute emanaldietako bat.
Legazpi eta legazpiarrak ez dira Ikatza argazkilari elkartearen ohiko ikus-entzunezkorik gabe geratuko aurtengo uztailean. Azken urteetan hilabete horretan aisia eta kultura uztartuz herrian garatzen den Uztakale programarik aurten izango ez bada ere, argazkilariek beren ohiko hitzorduekin aurrera egitea erabaki dute, eta lau saio eskainiko dituzte, guztiak Azokan, 22:30ean.
Lehen saioa uztailaren 3an izango da, abenduan kultur etxeko aretoan eman zuten ikus-entzunezko bera emango dute, elkarteko bazkideen lanekin osatutakoa. Uztailaren 10ekoa, konfinamendu garaian bazkideek leiho eta balkoietatik eta etxe barruan egindako argazkiez osaturiko lana izango da. Hurrengo astean, uztailaren 17an, bidaietan ateratako irudiez osatutako bilduma eskainiko dute, eta horren bukaeran, Haztegi ikastolan jartzen den jaiotzari eta bertan urte guzti hauetan parte hartu dutenei omenaldi txiki bat egingo diete, beste ikus-entzunezko labur batekin. Amaitzeko, uztailaren 24an naturari buruzko argazkiak plazaratuko dituzte.