Nwina proiektuko kideen mezua: ‘Kanimanbo!’ guztioi
Goierriko mediku talde batek Mozambikera osasun laguntza eta baliabideakeramateko udaberrirako antolatutako elkartasun jaialdietatik bakarra eginahal izan da. Saldutako sarreren dirua itzuliko dute. Zozketa ere egin dute.
Elkartasunezko lau kultur jaialdi eta pilota partida bat. Horiexek ziren Nwina proiektuarekin bat egin duten Goierriko mediku talde batek, Zaldibiako Indarra, Dolle, Kallpa gobernuz kanpoko erakundeak eta NerGroupek martxo-apirilerako antolatuak zituen ekitaldiak. Mozambikeko Bilene-Macia barrutian osasun laguntza eta prestakuntza egiteko, eta azpiegitura eramateko dirua biltzea zen saio horien helburua, baina bat ez beste guztiak bertan behera geratu ziren Covid-19-ak eragindako osasun krisiaren ondorioz.
Ordizian egin ahal izan zuten ekitaldi bakarra, martxoaren7an. Martxoaren 13an Zaldibian, 28an Beasainen eta apirilaren 3an Lazkaon egitekoak ezerezean utzi behar izan zituzten, baita martxoaren 27an Idiazabalen jokatzekoa zen pilota partida ere. Zaldibiako eta Beasaingo jaialdietarako sarrera erosita zutenei dirua jasotzeko aukera emango diete datorren astean.
Esker ona eta zozketa
«Artistei, kirolariei, hezkuntza zentroei, udalei, Ner Groupeko enpresei, eta proiektuarekin bategin duten herritar guztiei eskerrik asko. Kanimanbo! (shanga-na hizkuntzan). Aurten ezin izanda, eta Covid-19ak bakean uzten bagaitu, hurrengo urtean berriz helduko diogu proiektuari».
Finantzazioa lortzeko bonuak ere saldu zituzten, eta zozketako sarituen izenak ere jakinarazi dituzte: Mikel Otamendi (0917 zkia.) eta Concepcion Alonso (0376 zkia). Zaldibiako Lazkao-Etxen bina lagunentzako otordua egiteko saria lortu dute biek.
Sarreren dirua jasotzeko
LEKUA ETA EGUNAK
Zaldibian. Lardizabal Herri Eskolan (uztaileko lehen astean, lan ordutegian), eta Joxepane Herri Ostatuan (uztailaren 4an,10:00etatik 12:00etara).
Beasainen. Mirentxu liburu-dendan eta Bideplaza tabernan. Bietan uztaileko lehen astean eta lan ordutegian.
*Oharra: Proiekturako gordeko da jasotzen ez den dirua.