Igartubeiti Baserri Museoa eta sagardogintzaren balioa ezagutzeko bisita gidatua egin dute
Urola Garaiko turismo bulegoak antolatutako bisita da. Bihar, 11:00etan, Aikur Erle museoaren txanda izango da. Turismo bulegoan jaso daitezke sarrerak.
Urola Garaiako turismo bulegoak antolatuta, eskualdeko hiru museotan bisita gidatuak prestatu dituzte. Doan hirurak. Urrelur mineral eta fosilen museoan izan da lehenengo txanda, 12:00etan. Arratsaldean, 17:00etan, Igartubeiti Baserri Museoa ezagutzeko aukera izan dute bisitariek, eta Aikur Erle museoaz gozatu ahal izango dute bihar, ekainaren 28a, 11:00etan hasita izena eman dutenek. Eskualdeko turismo bulegoan jaso daiteke sarrera.
Ezkioko Igartuibeitin eraikinaren historia, garapena eta baserritarren bizimodua azaldu du Ametz Gurrutxaga gidariak. Sagardoak hainbat baserritan izan duen garrantziaz ere aritu da. Dolare baserria baita Igartubeiti. Bisitariek ikus entzunezko bat ikusi dute aurrena, eta ondoren baserrian bertan eraikinaren espazio eta jardun ezberdinak ezagutu dituzte: dolare tresna bera, sagardoa egiteko erabili izan dena, ukuilua, sukaldea eta garaiko tresnak, erlauntzak etxean bertan… Zazpi lagunek hartu dute parte bisita gidatuan.

















