Goierri eta Tolosaldearen gida turistiko berria
Bi eskualdeetako –46 herri guztira– produktu turistikoak biltzen ditu gida berrituak, 'Euskadiren bihotza' markapean. 2008. urtean sinatu zuten elkarlanerako hitzarmena berresten du gida honek, turista gehiago erakartzea helburutzat hartuta. 10.000 ale atera dituzte euskaraz eta gazteleraz, eta ingelesezko eta frantsesezko bertsioak ere eskuragarri daude. Bi eskualdeak "elkarlanaren eredu" direla nabarmendu dute.
Goierri eta Tolosaldeko turismo elkarteek bi eskualdeen elkarlanaren emaitza berria aurkezten dute gaur, Euskadiko Bihotza markapean: GOIERRI-TOLOSALDEA GIDA 2020. 2008an sinatu zuten hitzarmena berretsi dute hala, azken hamabi urteotako elkarlanak emandakoak goratzeaz gain. 10.000 ale atera dituzte euskarazko eta gaztelerazko bertsioan itxura eta diseinu berrituarekin, eta ingelesezkoak eta frantsesezkoak ere eskuragarri daude. Gida turistiko berriak bi eskualdeetako turismo bulego eta interpretazio zentroetan lor daitezke, baita Donostian dagoen Gipuzko Turismoko bulegoan ere.
Hiru ataletan banatutako gida
Gida turistiko berri honek bi eskualdeetako produktu turistikoak biltzen ditu: gidaren hasierako mapan markaturik azaltzen dira bide berdeak, bidegorriak, informazio bulegoak, Erdi Aroko Multzoak edo alde zaharrak, merkatuak, Santiagoko Bidea, museo eta interpretazio zentroak eta alojamendu mota desberdinak (hotelak, pentsioak, nekazalturismoak, landetxeak, aterpetxeak eta apartamentu turistikoak). Gida hiru ataletan banatzen da: esperientzia gastronomikoak, naturan oinarriturikoak eta kulturalak, eta bertan, toki eta gai garrantzitsuenak aurkezten dira.
Hasteko, gastronomiarekin zerikusia duten esperientziak azaltzen dira (azokak, gazta, txakolina, sagardoa, babarrunak eta txokolatea). Jarraian, naturarekin lotura duten irteerak aurkezten dira (tontorrik altuenak, Parke Naturalak, Bide Berdeak, Santiagoko Bidea, Trail Estazioa eta errepide panoramikoak); azkenik, kulturarekin bat egiten duen atal bat erakusten da (Alde zaharrak, Euskadiko Bihotzera bi bidaia, etnografia, artea eta momentu historikoak azpimarratzen dituzten errekurtsoak). Bukatzeko, familia giroan egiteko irteerak eta erosketetarako atalak gehitu dira.
Esperientzia desberdinak aurkeztu ondoren, bi eskualdeetako museo, interpretazio zentro eta turismo bulegoen datu zehatzak txertatzen dira, jatetxeen zerrenda, alojamendu mota desberdin guztiak eta urtean zehar eta bi eskualdeetan gertatzen diren festa, azoka eta jai nagusienak. Berrikuntza gisa, familiei begirako proposamenen atalean, bi eskualdeetako orientazio zirkuitu (Txindokiko Itzala eta Zegamakoak) eta abentura parkeak (Txindokiko Itzala eta Lizarrustikoak) bateratu dituzte eskaintza hau nabarmentzeko.
“Elkarlanaren eredu” turismoan
Goierri eta Tolosaldea betidanik “elkarlanaren eredu” izan dira turismoan, prentsa oharrean adierazi dutenez: “Turismo aktiboan eta museoen dinamizazioan elkarlanean aritu gara edukiak ez errepikatzeko eta eskualde bakoitzean aurrera eraman diren proiektuak bata bestearen osagarriak izan dira. Promozio alorrean, modu bateratuan joan gara turismo azoketara eta prentsa bidaietan ere elkarlanean aritu gara Eusko Jaurlaritza eta Foru Aldundiarekin batera”.
Goierri eta Tolosaldeak, turismoan, elkarlanaren eredu izaten jarraitu nahi dute aurrerantzean ere, eta helburu nagusiena “turistak eta bisitariak erakartzea” dela jakinik, produktu turistiko guztiak batera garatuz eta promozionatuz, orain arte baino turista gehiago zenbatzeko aukera dutela pentsatzen dute.
Covid19aren ondorioz sortutako normaltasun berri honetan, bi eskualdeetako agentziek adierazi duten barnealdeak eta bereziki landa turismoak eskaintzen dituela turistak seguru sentitzeko baldintza egokienak, jende pilaketetatik urrun. “Bereziki barne turismoari eta baita Estatuko turistei ere, gure eskualdeetan dugun eskaintza zabala erakutsi nahi diegu, beraien opor leku gisa aukera gaitzaten”.