Ordiziako Udalak neurri bereziak hartu ditu igandeko hauteskundeei begira
Herritarren segurtasuna bermatzeko "protokolo zorrotza" prestatu dute. Lau hautesleku prestatu dituzte, mahai bakoitzeko ilara bana izango da, eta adinekoentzat eta haurdun dauden emakumeentzat ilara berezi bat jarriko dute.
Ordiziako Udalak gaur hasi ditu igandeko hauteskundeetako azpiegitura prestatzeko lanak. Neurri bereziak hartuko dituztela iragarri dute, herritarren segurtasuna bermatzeko. Hala, Eusko Jaurlaritzak aurreikusitako protokoloari, udalak aplikatuko dituen neurriak gehituko zaizkio.
Lau gunetan banatuko dira Ordiziako hauteslekuak: Beti Alai pilotalekuan (3 mahai), Jakintza Ikastolan (3 mahai), Urdaneta ikastetxeko frontoian (2 mahai) eta Oianguren Institutuan (2 mahai). Guztira 6.996 ordiziar daude botoa ematera deituta, eta goizeko 09:00etatik 20:00etara bozkatu ahal izango da. Hautes mahaiak 08:00etan hasiko dira eratzen.
Ordizian izandako COVID-19 kasuen agerpenak, neurri bereziak eta zorrotzak hartzera behartu du udala. Hala, “ahal diren hauteslekuak aire librean” jarriko dituztela azaldu du Adur Ezenarro alkateak. Horrez gain, hauteskunde egunean lanean egongo diren pertsona guztientzat FFP2 motako maskarak eskuratu ditu udalak, bai mahaikideentzat eta baita hauteskundeen antolakuntzan arituko direnentzat ere.
Hautesleku bakoitzean mahai bat baino gehiago egongo denez, mahai bakoitzak bere ilara izango du, eta ilara ezberdinen arteko banaketa ondo markatuta egongo da. Ilara bakoitzeko pertsona arduradun bat egongo da, herritarrei sarbidea ematen. Adinekoentzat (65 urtetik gora) eta haurdun dauden emakumeentzat ilara gehigarri bat jarriko dute, hautes mahaira zuzenean eta lehentasunez bideratzeko.
Hautestokietako sarreran, gel hidroalkoholikoak eta desinfektatzeko gailuak jarriko dituzte herritarren eskura, baita boza hartzeko kabinetan ere.
Mahaikideentzat pantailak
Hauteskunde mahaian egon behar dutenak babesteko neurriak ere aurreikusi ditu udalak. Mahai bakoitzeko lehendakaria metakrilatozko pantaila batekin babestuta egongo da. Bozkatu behar duen pertsonak pantaila horren beste aldetik erakutsi beharko du NAN agiria, eskura eman beharrean. Bozka ematen den aldi bakoitzeko, hautes ontzia desinfektatuko dute.
Neurri horiez guztiez gain, herritarrak egunean zehar banatu eta pilaketak ekiditeko ordu muga batzuk gomendatzea aztertzen ari da udala. PCR probetan emaitza negatiboa eman duten baina oraindik konfinatuta jarraitzen duten herritarrei, 14:00ak eta 15:00ak bitartean bozkatzeko gomendioa egin diete, jende gutxien garai hortan ibiltzen delako, eta horrela beste pertsonekin kontaktua izateko aukera gutxiago dutelako.