Idiazabalgo udalekuetako 35 begiraleek eta 13 haurrek negatibo eman dute PCR frogan
Hala ere, osasun protokoloa jarraituz 10 eguneko isolamendua betetzera behartuta daude haurrak, positiboa eman zuen begiralearekin kontaktu zuzena izan zutelako.
Idiazabalgo Udalak jakinarazi duenez, udaleku irekietako 35 begiraleek eta 13 haurrek negatibo eman dute PCR frogetan, eta ondorioz, ez da koronabirusik atzeman. Atzo alarma guztiak piztu ziren Idiazabalen, udaleko irekietan begirale lanetan zebilen batek PCR proban positibo eman zuela jakinarazi baitzuen udalak. Atzoko prestatuta zeuden udalekuetako jarduerak bertan behera gelditu ziren, eta udalekuen jarraipenaren inguruan, datozen egunetan hartuko dute erabakia.
Hala ere, osasun protokoloa jarraituz 10 eguneko isolamendua betetzera behartuta daude haurrak, positiboa eman zuen begiralearekin kontaktu zuzena izan zutelako.
Beste bi positiboak ez dira Idiazabalgo herritarrak
Bestalde, Idiazabalgo Udalak atera berri duen oharrean jakinarazi du Idiazabalgo osasun zentroari egokitu zizkieten bi positibo kasuak ez direla Idiazabalgo herritarrak: “Asteartean Osasun Sailetik Idiazabalgo Udalari jakinarazi zitzaion herrian bi positibo sintomatiko genituela. Ostiral arratsaldean Osasun Saila berriro jarri zen Udalarekin harremanetan argitzeko, bi positibo horiek Idiazabalgo anbulatorioko eremuari egokitu bazizkieten ere ez direla Idiazabalgo herritarrak”.
Dena dela, “albiste onak badira ere eta atzera egin ez dezagun”, babes neurri guztiak bete behar direla gogorarazi du udalak. “Eta bereziki, egoera edozein dela ere, musukoa erabiltzeko deia egiten dugu udaletik”.
Familieieta begiraleei elkartasun eta esker hitzak bidali dizkie udalak: “Udaletik haurrei eta hauen familiei erakutsi duten ulermenagatik eskerrak eman nahi dizkiegu, eta baita udalekuko begiraleei ere egoera honetan egiten ari diren ahalegin eta lanagatik”.