Ordiziako COVID-19 agerraldiari lotutako positiboak 70 dira, atzo baino bat gehiago
Gaur goizean 26 PCR egin dira Ordizian, eta 29 Beasainen, eta arratsalderako emaitzak izatea espero dute, emaitza negatiboa izanez gero bihar bozkatzera joateko aukera izan dezaten.
Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Nekane Murgak azaldu du azken 24 orduetan 21 COVID-19 kasu berri atzeman dituztela PCR proben bidez: bina Araban eta Bizkaian, eta hamazazpi Gipuzkoan. Gainera, herritar bat hil da koronabirusaren eraginez. Ordiziako agerraldiari lotutako kasuei dagokionez, orain arte atzemandakoak 70 dira; 45, herrian egindako PCR probekin atzemandakoak. Azken orduetan lau kasu berri baieztatu dituzte han, baina beste hiru kendu orain arteko zenbaketatik, foku harekin lotuta ez daudelakoak. Murgaren esanetan, horiek Lleidako (Herrialde Katalanak) foku batekin lotuta egon daitezke.
Murgak eta Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuak biharko hauteskunde egunari buruzkoak izan dituzte hizpide nagusia. Ezarritako gomendioak betetzeko deia egin dute biek: botoa etxetik prestatuta eramatea, pilaketak ekiditea eta metro eta erdiko distantziak mantentzea. Guzti hori maskara erabiltzeko betebeharra ahaztu gabe. Segurtasun sailburuak gaineratu du neurri bereziak hartu dituztela biharko; besteak beste, mahaiak handiagoak izango dira, mahaikideen arteko distantzia bermatzeko, eta seinaleak ezarriko dituzte hautesleek ere tarteak mantendu ditzaten.
Aurretik, jarraipen batzordearen bilera Zumarragan
Gasteizen, Lehendakaritzan, egin dute agerraldia bi sailburuek, baina aurrez, Ordiziako agerraldiari lotutako jarraipen batzordeko bileran izan da Murga sailburua, Zumarragako Ospitalean. Adur Ezenarro Ordiziako alkateak, Leire Artola Beasaingo alkateordea eta Patxi Amantegi Tolosako zinegotziak parte hartu dute, besteak beste. Bilera laburra izan dela adierazi dio egunkari honi Ezenarrok, eta Ordizian bi positibo kasu gehiago izan direla jakinarazi diotela. Auzi honen inguruan mahai tekniko bat sortu ez izana ere kritikatu du Ordiziako alkateak, Berria egunkariari eskaini dio elkarrizketan irakur daitekeen moduan. Era berean, Ezenarrok gogoratu du PCR probak egiteko karpak erabilgarri egongo direla.
Murgaren esanetan, aste honetan 2.765 PCR froga egin dira Osakidetzak Ordiziako jarritako karpetan, eta horietatik 45 izan direla positiboak. Osasun sailburuak jakinarazi duenez, gaur goizean 26 PCR egin dira Ordizian, eta 29 Beasainen, eta arratsalderako emaitzak izatea espero dute, emaitza negatiboa izanez gero bihar bozkatzera joateko aukera izan dezaten. Euskal Autonomia Erkidegoan 160 lagun inguru izango dira bihar botoa eman ezingo dutenak.