Eraitz Saez de Egilaz, Goierriko ordezkari bakarra eta gazteena
Beasaingo gazteak eserlekua lortu du Legebiltzarrean EH Bilduren babesean. Goierriko bakarra da legegintzaldi berrian, aurrekoan hiru izan dira
Goierriko hautagai bakarra izango da legealdi berrian, EH Bilduren Gipuzkoako zerrendan zortzigarren postuan zihoan Eraitz Saez de Egilaz Ramos (Beasain, 1996); 23 urterekin, Legebiltzarreko parlamentari gazteena izango da beasaindarra.
Saez de Egilazek Zuzenbide gradua eskuratu zuen 2018an EHUko Donostiako Zuzenbide fakultatean. 2018-2020 bitartean Abokatutza unibertsitate masterra egin zuen fakultate berean eta 2019-2020 ikasturtean, Subiranotasuna Europako Herrietan masterra, Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatean.
Gaztetxoa zenetik ikasle eta gazte mugimenduetan murgilduta ibili da. Azken urteetan EH Bilduko Gazteria alorreko idazkaria eta Ernai gazte antolamenduko kidea izan da.
Orain beste egitekoa izango du Gasteizko Legebiltzarrean. Goierritar bakarra izango da, baina hauteskudeen aurretik egunkari honi emandako elkarrizketan adierazi zuen moduan, «oso garrantzitsua izango da errealitate asko elkartzen diren eskualde honek presentzia izatea».
Bi gutxiago
Ordezkari bakarrarekin, nabarmen egin du behera goierritarren kopuruak aurreko legegintzaldiarekin alderatuta, amaitu den honetan hiru izan direlako Goierriko ordezkariak: EAJren aldetik, Beasaingo Luke Uribe-Etxebarria (2019ko ekainean Carmen Solorzanok ordezkatu zuen), Zaldibiako Garbiñe Mendizabal (2018ko urtarrilean Eva Juezek ordezkatu zuen), eta EH Bildutik, berriz, Legazpin jaiotako Miren Larrion.