Kukai dantza taldea, Beasainen
Hilaren 16an, Loinazko San Martinen jaiotzaren egunean baselizan izango da 'Gelajauziak' ikuskizuna, 19:00etan. Dantza tradizionala eta garaikidea uztartzen ditu. Dohainik da.
Kultur ekintzak egoera berrira egokitzen ari dira. Honela, ostegunean, 19:00etan, ezohiko eskenatoki batean ariko da Beasainen Kukai dantza konpainia, Loinazko San Martin baselizan. Eguna eta tokia ez dituzte ausaz aukeratu: “Beasaingo Udalak herriko zaindariaren jaioteguna eta jaio zen lekua aukeratu ditu esanahi sinboliko bat emanez ekitaldiari, tradizioa eta modernitatea lotu nahian. Izan ere, otsailaren 5a, bere heriotzaren eguna, udalerrian jai-eguna izendatua badago ere, jaiotegunaren ezagupena ez dago hainbeste zabaldua. Hori horrela, zentzu horretan nolabait ere adierazi nahi izan da tradizioarekin uztartuz efemeride hau”. Ikuskizuneko sarrera dohakoa izango da aforoa bete arte.
Segurtasuna bermatuta
Beste arrazoi bat ere bada baseliza aukeratzerakoan, COVID- 19ak eragindako “babes neurriak ezartzeko bermea” ematen duela. “Baselizaren ingurua leku itxia izanik edukiera kontrolatzeko erraztasuna ematen du. Honela bada, edukiera neurtu eta segurtasun distantziak bermatuz kokatuko dira beharrezkoak diren eserlekuak ikusle guztiak eserita egon daitezen”. Hori bai, derrigorrezkoa da ikusleek musukoa eramatea.
‘Gelajauziak’
Jon Maia dantzari errenteriarrak zuzentzen du Kukai konpainia. Kasu honetan, Gelajauziak ikuskizuna eskainiko dute. Jon Maia Sein eta Cesc Gelabert koreografoek, elkarrekin sortua da. “Elkarrekin dantza tradizionaletan ohikoak diren hainbat kontzeptu berraztertu dituzte, begirada pertsonal berri batetik. Dantza tradizionaletik elikatuz, sortzaileek ematen dioten interpretazio berriarekin garaikide bihurtzen dute”.